Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eguraldiak laguntzen ez duenean, herriko frontoian edota udaletxeko estalopean babesten dira Etxarriko pilotariak. Atzo pilotariak beharrean, herriko artistak jabetu ziren estalpeetaz. Euriak plaza artistaz betetzea oztopatu zuen, baina Etxarriko sortzaileak ez ziren etxean geratu: plaza, estalopea eta frontoia artez bete zituzten. Etxarriarrek herritarren sormenaz gozatzeko aukera paregabea izan zuten Artie Kalia Egunean. Iragarpenek ez zuten huts egin eta eguna triste esnatu zen. Hala ere, eguerdian plazara atera ziren Etorkizuna dantza eskolako haurrak. Aterkipetik gogotsu txalotu zituzten ikusleek. Ondoren, Joseba Andonik hartu zuten txanda. Bizikleta eskuan eta Idoia Lobanen bonbardinoa lagun, plazarik plaza zebilen bertsolariaren papera hartu zuen. Hasierakoekin amaitzeko, herritarrek mandala eta pirrixka koloretsuak egiteko aukera izan zuten. Bazkal aurrean, Urko Mauduitek Aurreskua dantzatu zuen Luis Kintanaren kontrabajuaren erritmora. Jarraian, herriko abesbatza kioskora igo zen eta zenbait euskal kanta eskaini zituen. Ordurako, udaletxeko estalopea erakusketa-areto bilakatu zen. Etxarriko margolari, eskultore eta eskulangileek lan ederrak eskegi zituzten herritarren harridurarako. Artearen aldeko apustuaBazkal garaian Etxarriarrek frontoirako bidea hartu zuten. Kartelak iragartzen zuen moduan, han pilota beharrean, "artien aldeko apustube" zegoen. Bertan bazkaldu zuten egunean parte hartu zuten 80 bat artista etxarriarrek. Musikari, margolari, bertsolari, dantzari, antzezle eta bestelako sortzaileak hartu-emanerako aukera izan zuten. Bazkaria jaisteko, Pantxila Lamurren umorea izan zuten lagun. Bazkal ostean herriko musikariek leporaino bete zuten Euskal Herriari pilotalekua. Lur, Amets eta Luisillok ireki zuten kontzertua. Ondoren, Hesian, Vendetta, Kaotiko eta beste talde batzuetan aritutako etxarriarrek abesbatzako kideekin batera, Queen taldearen Bohemian Rapsody ezaguna abestu zuten. Jarraian, Orangutan Swimming taldeak kontzertua eskaini zuen. Adin guztietako herritarrek haiek ekarpena entzun nahi izan zuten.PostreaBestelako jarduerak ere izan ziren. Esaterako, arratsaldean estalopean film labur hautaketa bat ikusteko aukera izan zen. Bestalde, Mario eta Paolak txotxongilo erakustaldia egin zuten txikien eta ez horren txikien gozamenerako.Artiekalia taldeak Etxarriko sortzaile guztien artean prestatutako arte eguna antolatu zuen. Erantzuna paregabea izan zen, bai parte-hartzearen arrakastagatik, bai herritarren erantzun paregabeagatik. Eguna borobiltzeko, postrea baino ez zen falta: Aiert DJak, Helena margolariak eta Iker graffitigileak jarri zuten. Altsasuarrak eta lakuntzarrak koadro ederrak egin zituzten zuzenean, ikusleak aho zabalik utziz. Arte eguna hasi bezala agurtu zen: elkarlanean eta herritarrak herritarren lanarekin gozatuz. www.guaixe.netArtie Kalia Eguneko argazkiak web orrian.