Kerasy eta Akatu feria bezperan

Guaixe 2011ko irailaren 30a

Kerasy eta Akatu taldeek kontzertua eskainiko dute gaur Etxarri Aranazko Gaztetxean. Irurtzungo taldeak udaberriak kaleratutako lana aurkeztuko du. Iruñeko Akatu taldeak, berriz, argitaratzera doan lana aurreratuko du. Kerasy taldeko abeslariak gaztetxera gonbidatu ditu metalzaleak, "burua astintzera". Kerasy taldea maiatzean ezagutu genuen, Harriak apurtu diskoarekin. Irurtzungo David Ramirok (gitarra) eta Oskar Alonsok (baxua) eta Iruñerriko eta Tafallako Silvia Guillenek (ahotsa), Ibai Goñik (bateria) eta Iñigo Andionek (gitarra) osatzen dute taldea. Musikari esperimentatuek bat egin zuten metal taldea abian jartzeko helburuarekin. "Diskoa bi urtetako lan gogorraren emaitza izan zen. Gaueko ordu txikitan elkartzen ginen, eta hortik Kerasy izena (Guarani hizkuntzan imsomnio esan nahi du)" azaldu zuen Silviak Beleixe irratian (FM 107,3).Irurtzungo taldeak 10 kontzertu eskaini ditu udan, besteak beste, Berri txarrak, Governors eta El Trono de Judas taldeekin. Udazkenean, diskoaren aurkezpen biran murgilduko da Akatu taldearekin batera. "Akatu taldeak kontzertu asko eskaintzen ditu Bizkaian; gu, berriz, gehiago mugitzen gara Nafarroan eta Bizkaia. Elkarlana biendako interesgarria da" dio Silvia Guillenek. Heldu den hilabeteetan kontzertuak dituzte, besteak beste, Burlatan, Tafallako Nafarroa Oinezen, Irurtzungo Pikuxarren, Zarautzen, Lizarran eta Ondarroan.