Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Onddo eta landare erakusketak udazkeneko koloreak eta usainak eraman zituen atzo Etxarriko plazara. Herritarrek Etxarri inguruan hazten diren zizak eta landareak bertatik bertara ikusteko eta haien propietateak ezagutzeko aukera izan zuten. Zenbaitek, zizen inguruan zituzten zalantzak argitzeko aprobetxatu zuten. Bazkal aurrean, herriko tabernek egindako onddozko pintxoak eta fritoak dastatzeko aukera izan zen.Erakusketak agerian utzi zuen Hartzabal elkarteko ziza eta landare taldeak eta Larrañeta elkarteko mendi taldeak egindako lana. Azken asteak lehor joan dira eta, hortaz, espezie ezberdineko ziza eta landareen bilketa beste batzuetan baino neketsuagoa izan zen. 15 bat lagunek parte hartu zuten. Lan-taldeak garai batean Jose Luis Eseberrik eta Bixente Garziandiak, Barzek, zabaldu zuten mikologia eta landareen ezagutzea zabaltzea nahi dute. Helburu horrekin antolatzen dute feria ostean erakusketa. Aurtengoa 11. erakusketa zen.