Euskal kantak lau ahotsetara

Guaixe 2011ko urriaren 21a

Ibaeta abesbatzak kontzertua eskainiko du asteburuan Etxarri Aranatzen. Donostiarrak euskal kantutegia berreskuratzen ari dira 2008tik. Igandean Sakanara ekarriko dituzte euskal kanta ezagunak.  EgitarauaIbaeta abesbatzak euskal abesti herrikoiak eta, besteak beste, Mikel Laboak, Sorozabalek edo Benito Lertxundik zabaldu dituzten melodiak eskainiko ditu. Egitarauan guztiok ezagutzen ditugun abestiak ageri dira: Txoria txori, Goizian argi hastian, Herribehera, Elizatikan konbenturaino, Maitia nun zira, Alduden gizonik ez, Maite, Xalbadorren heriotza... Donato Unanue zuzendariak abesbatzaren beharretara egokitu ditu euskal abesti ezagunak, lau edo bost ahotsetara moldatuz. Zuzendari azpeitiarrak Juan Jose Iruretagoienarekin egin zituen musika ikasketak. Donostiako Seminarioko abesbatza (1965-1966) eta Parisko Gernika abesbatza zuzendu ditu (1967 eta 1969). Euskal kantutegia berreskuratzenIbaeta abesbatza 2008an sortu zen, Donostiako izen bereko auzoa suspertzeko helburuarekin. Egitasmoak erantzun bikaina izan zuen. 35 lagun sartu ziren taldean. Donato Unanueren zuzendaritzapean euskal kantutegia berreskuratzeari ekin zioten. Gabonetako eta Santa Ageda bezperako gau hotzak epeltzeko kalera atera ziren. Herritarren harrera beroak jarraitzera animatu zituen. Gaur egun 55 lagunek osatzen dute abesbatza. Donostiarrek euskal kantutegia zabaltzen eta indartzen jarraitzen dute. Kontzertuak eskaini dituzte Donostiako auzoetan eta Gipuzkoako zenbait herritan. Madrilera ere joatekoak dira.