Ufesako hiru langile ohi BSH Ezkirotzetik kaleratuak

Guaixe 2011ko aza. 3a, 09:48

Zuzendaritza eta enpresa batzordearen artean enplegu erregulazio espedienteari buruzko akordiorik lortu ez zenez, Nafarroako Gobernua bitartekari lanak egin zituen. Hasiera batean enpresak aurreikusi zituen 178 kaleratzeak 83tan gelditu dira (haietatik 28k behartutako erretiroa eta 15 kontua eskatu dute). Horrekin batera, enpresako lan baldintzak aldatu egin dira, okerrera. Jakin ahal izan dugunez, kaleratuetakoen artean hiru etxarriar daude. Haietako batek behartutako erretiroa hartuko du. Hiru etxarriarrak Ufesako langile ohiak dira, eta 2005eko martxoan eman ziren baino kalte ordain nabarmen txikiagoak jaso dituzten oraingoan: 40 egun lan egindako urte bakoitzeko, bi urteko mugarekin. BSH multinazionalak 1998ko irailaren 30ean erosi zuen Ufesa eta irabaziak izanda ere errentagarria ez zela argudiatuz itxi egin zuen. Prozesua 2005eko martxoaren 15ean despeditu zen. Hala despeditu zen 1962ko udazkenean hasitako historia. Ufesako 159 langileetatik 38 BSHko Ezkirotzeko lantegira joan ziren lanera, 1 BSHko Lizarrako lantegira, enplegu antenaren aukera 7 langilek hautatu zuten eta gainontzeko 113 langilek kalte ordaina jaso zuten.