Haur-txokoa zabalik

Guaixe 2011ko azaroaren 24a

Etxarri Aranazko Udalak ikasturte honetan ludoteka martxan jartzeko eskaintza egin zuen, Mugaipe aisialdi enpresaren bidez. Baina oso haur gutxik eman zuten izena eta ludoteka zerbitzua bertan behera gelditu zen. Udalak zergatia aztertu eta hurrengo urterako eskaintza egokitzeko asmoa du. Baina, bitartean, udalean ere hainbat gurasoren kezka ere jaso zuten: negu partean batez ere haien aurrekin egoteko toki aproposik ez zutela. Egoera horretatik abiatuta Etxarri Aranazko Udalak haurren gurasoei proposamena egin zien: musika eskola berria hartzen duen eraikinaren bigarren solairuan espazio bat uztea eta gurasoak arduratzea haurren zainketaz. Edurne Igoa Lizarraga zinegotziak esan digunez, gurasoendako bilera deitu zuen udalak eta batzuen eta besteen ekarpenetatik sortu da haur-txokoa, astearteaz geroztik zabalik dena. Igoak esan digunez, "52 familiak eman dute izena. Dagoeneko bi ordezkari izendatu dituzte udalarekin harremanak izateko. Txanden egutegia osatu genuen aurreko ostiralean. Egunero guraso bat arduratuko da haur-txokoa zabaltzeaz, ixteaz eta txukun mantentzeaz". Oraindik ere izena emateko aukera zabalik dagoela gogorarazi du zinegotziak, horretarako haur-txokotik bertatik pasatu besterik ez dago. Igoak azaldu digunez, haurrak helduekin joanen dira haur txokora. "Adin mugarik ez dago, baina normalean 10 urtekoek ez dute gurasoekin joan nahi izaten". Zinegotziak gaineratu du zerbitzua martxan jarri berria dela eta egin beharreko aldaketak denen artean eginen direla. GaztetxoakHaur-txokora dagoeneko joanen ez liratekeen, baina gaztetxera joateko oraindik txikiegiak diren gaztetxo batzuk ere mugitzen hasi dira. Bi gaztetxo etxarriarrek, hainbat sinadura lagun dituztela, udalean eskaera aurkeztu dute: haiendako espazio bat nahi lukete. Igoak azaldu digunez, haiekin larunbatean biltzekoak dira, egitasmoaren nondik norakoak bi aldeen artean zehazteko. Gurasoak ere zeresana izanen dutela gaineratu du zinegotziak. Haur-txokoaren ordutegia16:45etik 20:00etara, astegunetan, musika eskola zabalik dagoen egunetan. Horrela eraikineko berogailua eta argia aprobetxatuko dira.