Kaotiko X, 10 urteko lanaren isla

Guaixe 2011ko azaroaren 30a

Kaos Etiliko taldearen errautsetatik sortu zen Kaotiko taldea. 2000 urtean eman zituen lehen urratsak euskal punkaren harrobi agortezinean, Agurainen. Urte bete beranduago, 2001ean, taldearen lehen diskoa etorri zen, Mundo kaotiko (Oihuka). Disko harrek agerian utzi zituen Aguraingo taldearen soinua eta marka. Estilo horri eutsi diote hurrengo diskoetan: Raska y pierde (Oihuka, 2003), Directo (Gor, 2005), Destino escrito (Universal, 2006), Adrenalina (Oihuka, 2008) eta Reacciona! (2010, Baga-Biga). Disko horiek guztiek Kaotiko taldearen jarraitzaileendako ahaztezinak diren zenbait abesti eta hamaika oroitzapen utzi dituzte. Taldearen 10. urtemugan opari bat egin nahi izan diete zale guztiei: abesti ahaztezin horiek bilduko dituen zuzeneko CD eta DVDa. Kaotiko X lan bikoitza gaur eguerdian aurkeztu dute. Xabi Aldaz etxarriarrak, Kaotiko taldeko bateriak, labetik atera berri den diskoaren berri eman du Beleixe irratian (FM 107,3). DiskoaKaotiko taldearen zazpigarren diskoa zuzenean grabatu zen abuztuaren 24an, Bilboko Aste Nagusian. Botika Zaharra leporaino bete zen. Jai giroan 10 urteko historiak utzi dituen 28 abesti esanguratsuenak eskaini zituzten, ikusle guztien gozamenerako. Sorpresak ere izan ziren. Kaotiko taldearen urtemuga festarekin bat egin zuten Reicidentes taldeko Fernandok, Gatibuko Alexek, Lendakaris taldeko Aitorrek, Boikoteko Juankarrek eta Xabier Silveira bertsolariak. Kontzertuak Kaotiko taldeko musikarien eta zaleen gogoan jarraituko du denbora luzez. Horretan lagunduko du Kaotiko X CD-DVDak. Kontzertu osoa CD bakarrean sartzea ezinezkoa zen, eta 23 abesti aukeratu behar izan dituzte; 23 abesti Kaotiko taldearekin batera 10 urte hauetan bizitakoa gogora ekartzeko.Labetik atera berri den diskoan betiko abestiak eta oparitxoak aurkituko ditugu: Preso 223, Otra noche, Paradisu taberna... Kaotiko taldeak berezko duen punk-rock indartsuari, zuzenekoaren bizitasuna gehitu behar zaio. Jhonyren ahots sendoa, Aguayo eta Aguayikoren gitarra arinak, Xabi Aldazen bateria erritmikoa, Fontaren baxu sakona eta Fonta eta Aguayikoren koru melodikoa dagoeneko historia den diskoan bildu dituzte. Hemendik aurrera zuzenean aurkituko ditugu Aguraindarrak. Datorren urteko ilbeltza amaieran edo otsailean hasiko dute diskoaren aurkezpen bira. GERTUTIKXabi Aldaz, Kaotiko taldeko bateria10 urte eta 7. Diskoa. Asko da ez?Zer esango dizut. Gu beti lana egiteko gogotsu gaude. Badakigu ez gaudela betiko, beraz, hor goian egoteko, zaleei gure musika entzuteko aukerak eman behar dizkiozu. Badira taldeak hiru urte egon daitezkeela diskoa atera gabe, baina guk zaleen gainean egon behar dugu. CD- DVDa Bilboko Aste Nagusian grabatu zenuten.Botika zaharrean jotzeko deitu ziguten. Izugarrizko zabalgunea da eta bagenekien jendea egon behar zela. 30.000 pertsona egonen ziren. 10. Urtemuga ospatzeko aukera polita iruditu zitzaigun. Jendeak zerbait berezia edukitzea nahi genuen. CD-DVDa grabatu genuen kolaboratzaile batzuekin. Zeintzuk?Gatibuko abeslari Alex, Reicidentes taldeko Fernando, Aitor Lendakaris, Xabier Silveira eta Boikoteko abeslaria.Zuen aldetik lan gehiago eskatu du?Egia esan, hasieran estudioan grabatzea baino errazago izanen zela uste genuen, baina uste baina zailago izan da. Autoekoizpena izan da. Baga-bigak banatuko du, baina gainerakoa gure kontu. Horrela egin dugun lehen diskoa da eta dena gure kontu zegoen: nahasketa estudioa aurkitzea, paperak, abestiak aukeratu... Buelta asko eman eta ordu asko sartu beharra izan dugu. Nola egin duzue aukeraketa?Kontzertuan disko bakoitzeko 4-5 abesti eta Kaos Etilikoko 4ren bat abestu genituen. Denera 25 abesti, ordu eta erdi pasa. CDan ez zen dena sartzen eta 5 abesti kendu behar izan genituen. Aurreko DVDan agertzen ez ziren abestiak aukeratu ditugu. Zer ekarriko du urteak?Bira prestatzen hasi gara. Abenduaren 16an kontzertu txiki bat dugu Gasteizko gaztetxean eta gero, ilbeltza amaieran edo otsailean bira hasiko da. Euskal Herrian, Katalunian eta Espainian joko dugu: Andoainen, Valladolid, Bartzelonan, Kantabrian, Extremaduran... Etorkizunera begira zer? Oraintxe bertan lokalez aldatzen ari gara. Hor finkatu eta konposatzen hasiko gara. Oraingoz bozetoak ditugu. Ez dugu presarik beste CD bat ateratzeko. Gauzak ongi egin behar dira, data finkorik gabe.