Plateretik paperera

Guaixe 2011ko azaroaren 30a

Liburuan azken hiru urteetan Karrikestu elkarteko sukaldaritza ikastaroan prestatutako errezeta guztiak jaso dituzte. Elkarteak 2008an ireki zituen ateak, eta urte hartan bertan hasi zen 15 bat laguneko taldea, Juantxo Saenz bazkide eta sukaldaria irakasle zutela. Ikastaroaren saio bakoitzean, bi bat orduz prestatzen dituzte 3 errezeta (hasierako bat, bigarrena eta postrea), eta, ondoren, lagunartean afaltzen dute denek; ikasturte honetan ere, laugarrenez, martxan dago ikastaroa. Ordutik hona prestatu dituzten 125 errezeta baino gehiago jaso dituzte liburuan: errezeta bereziak, postre gozoak, saltsa bikainak, entsalada ederrak... Gehien-gehienak erraz prestatzeko moduko errezeta goxoak dira. Liburuko errezetak Juantxo Saenzek prestatu ditu eta testuak Iñaki Mundiñanok idatzi ditu. Liburua salgai jarri dute Etxarriko zenbait liburu-denda, taberna, eta dendatan, 10 euroren truke. Karrikestu elkarteko bazkideek % 20 merkeago eskuratuko dute liburua, 8 eroan, eta abenduaren 8an banatuko zaie elkartean bertan bai goizez eta bai arratsaldez. Sakanako beste herri batzuetan ere jarriko dituzte liburuak salgai.