Etxarriko abesbatzak 40 urte kantuan

Guaixe 2011ko abenduaren 16a

Gabonetako kontzertura gonbidatu dituzte zuzendari eta abeslari ohiak Etxarriko abesbatzak 70eko hamarkadaren hasieran eman zituen lehen urratsak. Parrokiako abesbatzatik sortutako haziak berezko bidea hartu zuen, eta kontzertuak ematen eta lehiaketetan parte hartzen hasi zen. 40 urte geroago Etxarri Aranazko abesbatza fruitu ondu eta gozoa da. Horregatik, 2011 urtea ospakizun urtea da abesbatzarendako. Ospakizun urtea ixteko, gabonetako kontzertura gonbidatu dituzte historia oparo hori posible egin duten zuzendari eta abeslari ohi guztiak. Guztien artean kontzertu berezia eginen dute igandean. 40 urte eta gero, Etxarriko abesbatzak lanean jarraitzeko gogoz jarraitzen du. Hori erakutsiko dute igandean kontzertuaren lehen zatian. Aurten abesbatzaren zuzendaritza hartu duen Imanol Urzelairekin landutako bost abesti berrirekin. Estilo eta jatorri ezberdineko obrak eskainiko dituzte. Juan Urdaniz piano jolearen laguntza izanen dute. Aurten 80 urte bete dituen Lorenzo Ondarraren Alabatua abestia ere gehitu dute, Bakaikuko musikari handiaren omenez. Kontzertuaren bigarren zatian Etxarriko abesbatzak 40 urte hauetan izandako zuzendarien gidaritzapean abestuko du. Francisco Villanuevak (1970-1984), Mikel Garziandiak (1991-1992), Igor Ijurrak (1992-2002) eta Alicia Armendarizek (2003-2010) haien ibilbidea markatu zuen gabon kanta aukeratu dute. Juan Mari Escala (1984-1991) ezin izanen da etorri. Kontzertuari amaiera emateko, gaur egungo abeslariekin bat eginen dute abesbatzako kide ohiek. Gabon kanta ezagunak elkarrekin abestuz agurtuko dute Etxarriko abesbatzaren 40. urtemuga.