Punta-puntako bertsolariak Etxarrin

Guaixe 2011ko abenduaren 16a

Andoni Egaña eta Jon Maia gonbidatu dituzte bertso-afariraUrte gutxiko historian bertsolaritzaren aldeko apustu sendoa egin du Etxarri Aranazko Karrikestu elkarteak. Hori erakusten du bertan antolatutako BAT, Euskal Herriko Bertso Afari Txapelketak. Bestalde, helduen bertso eskolako egoitza izan da. Gabonen bezperan bultzada berria eman nahi izan diote bertsolaritzari. Helburu horrekin antolatu dute bertso-afaria. Karrikestu elkarteak Etxarri 2012 taldearen laguntza izan du. Karrikestu elkarteko bertsozaleek haien buruak "omendu" nahi izan dituzte: "Goi mailako bertso-afaria nahi genuen, haien gaitasunaz gozatzeko. Horregatik punta-puntako bertsolariak gonbidatu ditugu" azaldu digu Zatok. Goren-gorenera jo dute: Andoni Egaña eta Jon Maia izanen dira gaueko izarrak, zarauztarra eta urretxuarra zein baino zein. Euskal Herriko bertso txapeldun handia eta zenbait finaletan atzetik izan duen laguna Etxarriko bertsolaritzaren tenpluan nagusitzen saiatuko dira. Lehiaren gainetik, Etxarriko Karrikestu elkartean giro ona nagusituko da. Horretan lagunduko dute sukaldaritza ikastaroa egin duten Etxarriko txefek. Menu paregabea prestatu dute biharko hitzordurako: txorizoa sagardo erara, ganbak, arrain zopa, xolomo errebozatua mostaza saltsarekin, torradak natillarekin eta kafea eta kopa. Jaki goxoetaz eta bertsolaritzaren maisuez gozatzeko aukera izanen dute 70 bat lagunek. On egin! Txartelak salgaiLeku Ona tabernan 20 €-tan