40 urte, 130 abeslari, 5 zuzendari, oroimen asko

Guaixe 2011ko abenduaren 19a

Zenbaki horiek utzi zituen Etxarri Aranazko abesbatzaren gabonetako kontzertuak. Etxarriko koruak 40. urtemuga ospatzen du 2011n. 40 urteko historiaren lekukoa hartu duten gaur egungo abeslariek eman zioten hasiera kontzertuari, Juan Urdaniz piano jolearen laguntzarekin. Nazioarteko izeneko konpositoreen abestiak eskaini zituzten, Fauré, Rutter, Lauridsen, Julio Dominguez, Halloran eta gure Lorenzo Ondarrarenak. Kontzertuaren bigarren zatiak abeslariak egungo zuzendari Imanol Urzelairen eskuetatik aurreko zuzendarien eskuetara pasa ziren. Hurrenez hurren, abesbatza zuzendu zuten abesbatza parrokiatik atera zuen Francisco Villanuevak, Mikel Garziandiak, Igor Ijurrak eta Alicia Armendarizek. Etortzerik izan ez zuen Juan Mari Escala ere gogoan izan zuten. Zuzendariek, bere garaian historia egin zuten abestiak aukeratu zituzten. Es müssen sich freuen eta Lux Aurumque obrek esaterako, Etxarriko abesbatza lehiaketetara eraman zuten. Etxarriko abesbatzak zuzendari guztien lana eskertu zuen. Zuzendariek, berriz, abeslari guztiak txalotu zituzten, "haiek gabe ez dagoelako ezer egiterik". Kontzertua amaitzeko, Etxarriko koruak haiekin abestera gonbidatu zituen 40 urteko historia posible egin duten abeslari ohiak. 130 bat lagunek Oi Bethleen, Mesias sarritan eta Adeste fideles gabon kantekin agurtu zuten 40. urtemugako kontzertu berezi hunkigarria. Kontzertu osteko otamenean aspaldiko lagunak ikusteko eta elkarrekin bizitako une bereziak gogora ekartzeko aukera izan zuten.