Lainopeko bertsoak

Guaixe 2011ko abenduaren 19a

Etxarri Aranazko Karrikestu elkartea mukuru bete zen larunbateko bertso-afarian. Elkarteak punta-puntako bertsolariak gonbidatu zituen eta ikusmina handia zen. Andoni Egañak eta Jon Maiak espektatibak bete zituzten. Elkarteko sukaldaritza ikastaroko ikasleek prestatutako afarian motorrak berotu ondoren, festa afalostean lehertu zen Egañaren eta Maiaren bertsoekin. Bertso-saioan umorea eta giro ona nagusitu ziren. Bertsolariak mahai inguruan bildutako etxarriar batekin eta besterekin oroitu ziren, baina gaueko izarra zigarroek eta puruek sortutako kea izan zen. "Lainopeko bertsoak" ordu txikitaraino luzatu ziren. Egañak eta Maiak erretiratu behar izan zutenean, etxarriarrek hartu zuten lekukoa. Urtearen hasieran ateak irekiko dituen helduen bertso eskolarako motorrak berotzen hasi ziren.