Duela 35 urte egindako aldarrikapenek gaurkotasun handia dutela nabarmendu zuten atzokoan Euskal Herriko hainbat hautetsik
Etxarri Aranazko Udalak eta Etxarri 2012 erakundeak antolatuta, 1977ko ilbeltzaren 16an udalak egindako adierazpena berretsi eta garaiko udalen mugimendua omendu zuten igandean. Bi ekitaldi izan ziren, bata udaletxe barruan, instituzionala. Bestea, kalean, publikoa. Duela 35 urte bezala amnistia, euskararen koofizialtasuna eta foruen berrezartzea eskatu zuten atzokoan Etxarrin bildutako hautetsiek.
Esandakoak
Etxarri Aranazko alkate Jose Ignacio Bakaikoa Aristorenak kalean egindako hitzaldian proposamena luzatu zuen: "udal ordezkari, erakunde eta herritarroi, gure herriaren eraikuntza eta egituratze politikoak eskatzen duen ahalegin kolektiboan, konpromiso sendoak hartzeko". Bakaikoak esan zuenez, "1977an bezala, gaur ere, Amnistia, euskararen ofizialtasuna eta burujabetza ezinbesteko osagaiak dira demokrazia eta bake egoera berri baterako".
Bakaikoak euskal preso politiko guztiak etxean eta libre behar ditugula aldarrikatu zuen, "gatazka politikoaren behin betiko konponbiderako bidean ezinbesteko urratsa delako". Bestalde, Etxarri Aranazko alkateak nabarmendu zuenez, "gaur gaurkoz Euskal Herriak ez du lortu euskara arrisku egoeratik ateratzea. Euskarak bizi duen egoera larriaren adierazle da Euskal Herriko eskualde anitzetan euskaraz ikasteko dagoen ezintasuna". Lodosa eta Sartagudako ikastola edo Iparraldeko ikastolek bizi dituzten egoera larriak azaldu zituzten. Nafarroako Euskararen Legeak hizkuntza bazterketa bulkatzen zuela esan zuen. "Herritarren bultzadak eta erakunde ezberdinen konpromisoak bat egin behar dute Euskal Herria euskalduntzeko herri auzolanean".
Etxarri Aranazko alkateak, bestalde, aurtengoa aldarrikapen eta eraikuntzaren urte gisa izendatu zuen. "Aldarrikatu behar dugu Euskal Herriari bere Askatasun Demokratikoen aitortza zor zaiola". Bakaikoak ziurtatu zuenez, "burujabetza osoa berreskuratzea behar beharrezkoa da Euskal Herriarendako, XXI mendean bere biziraupena ziurtatzeko".
Keinu ugari
Atzokoan Etxarri Aranatzen egindako ekitaldian atzera begirako keinu ugari izan ziren. Bakaikoak adierazi zuen moduan, "gure gaurko begirada ez da iraganeko ikuspegiaren ortzi muga urrunetan galduko, gure herriaren etorkizuna delako gure kezka eta arranguren arrazoi nagusia". Udaletxean egindako ekitaldi ofizialean duela 35 urte jo zuten txistulariak (Rafael Larraza Lakuntza eta Pedro Mª Artieda Artieda) gazte batzuekin batera aritu ziren Agur Jaunak jotzen. 77an kantuan izan ziren bertsolariak ere igandean Etxarrin izan ziren: Matxin Handiarena, Eusebio Igartzabal, Iñaki Murua eta Xabier Amuriza. Duela 35 urteko gertakaria laburtzen duen bideoa ikusteko aukera izan zen.
Etxe handiko ekitaldian orduko Etxarriko Udala osatzen zutenak omendu zituzten: Javier Mauleon, Ijurra, Manuel Ijurra, Antonio San Martin, Eleuterio Otxagabia, Juan Jose Botanz, Jose Miguel Arbizu, Fernando Huizi, Valentin Lizarraga, Antonio Igoa eta Luis Manuel Nagore. Horietaz gain, 77ko udalen mugimendua sustatu zuten alkateak (Aramaio, Arrasate, Bergara, Berriz, Doneztebe, Elizondo, Hernani, Lizarra, Oiartzun, Uharte Iruñea, Zaldibar, Zarautz eta Carlos Garaikoetxea) omendu zituzten. Aurreskua dantzatu zieten. Orduan onartutako adierazpena irakurri zuen Jose Luis Elkororen seme Iñigok. Bergarako alkate izandakoak ezin izan zuen ekitaldian parte hartu. Espetxe zigor arindua betetzen ari da etxean eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren hitz egiteko debekua jaso zuen.
Etxarri Aranazko Udalak, bestalde, epaitegi beretik Elkororen ibilbidea goraipatzeko debekua jaso zuen. Guztia Dignidad y Justicia elkarteak aurreko ostiralean debekua eskatu ondoren, "terrorismoaren goraipamena egin zitekeelako".
Ekitaldi instituzionala despeditzeko, duela 35 urte bezala, txistuaren doinuak lagun, Aupa gizona kantua abestu zen. 77tik gaur arteko Etxarri Aranazko alkate guztiak bildu zituen ekitaldiak (Javier Mauleon, Moises Goldarazena, Miguel Angel Goñi, Manolo Ijurra, Fernando Salinas, Manuel Campos, Juan Kruz Aldasoro, Fernando Flores, Juan Bautista Mariñelarena, Maider Goñi eta Jose Ignacio Bakaikoa).
Kalean egindako ekitaldian zortzikote batek Nafarroako Gorteetako ereserkia kantatu zuen. Lehen aipatutako bertsolariak kantuan izan ziren. Ekitaldia Etorkizuna dantza taldeak Agintariarena dantzatuz eta etxe handian ikurrina jasoz despeditu zen. Duela 35 urte ikurrina jaso zuen zinegotziak, Jose Miguel Arbizuk, jaso zuen ikurrina udaletxeko balkoian. Aldamenean Edurne Igoa egungo zinegotzia izan zuen. Baita duela 35 urteko ikurrina egin zuten Juli Larraza eta Pakita Arratibel ere.
Asistentzia
Ekitaldian Bergara, Arrasate, Hernani, Elizondo/Baztan, Aramaio, Berriz, Atarrabia, Otxandio, Antzuola, Zarautz, Bera, Arano, Gabiria eta Legazpiko egungo alkate eta zinegotziak izan ziren. Eta haien aldamenean Sakanako ordezkaritza zabala: Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Lizarragabengoa, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu eta Ziordiko alkate edo zinegotziak. Duela 35 urte Aramaion hautetsi izandakoak eta Lizarrako alkatearen senideek ere ekitaldian parte hartu zuten. Horretaz gain, Etxarri Aranatzen izan ziren: Carlos Garaikoetxea, Jose Luis Elkororen familia, Maitane Intxaurraga, Udalbiltzako lehendakari ohi Loren Arkotxa, Nafarroa Bizirik taldeko Patxi Berrogi, Andra Mari ikastolako Peio Urtzelai, Jose Luis Aldaz eta Etxerat-eko Felipe Karrera eta Ione Lazkoz.