Aritz Lasa eta Zubietak ezin izan zioten aurre egin Irujo eta Barriola handiei

Guaixe 2012ko urtarrilaren 19a

Atzoko partidan argi gelditu zen bikote faboritoaren eta gainontzekoen artean dagoen aldea. Mungiako norgehiagokan Irujo eta Barriola nagusitasun handiz aritu ziren eta Aritz Lasa eta Zubietak ez zuten ezer egiterik izan. Gainera bata bestearen atzetik opari gehiegi banatu zituzten eta horrek bikote gorria arazorik gabe 22ra iristea ekarri zuen. Norgehiagoka 22 eta 7an bukatu zen.Partidak ez zuen joko gehiegi eman. Hasieratik bikote nafarra aurretik jarri ziren eta Aritz Lasa eta Zubietak ez zuten ezer egiterik izan; ematen du pilotari etxarriarrak oraindik eskua minberatua duela eta urretxuarrak Iberokoaren aurrean gauza gutxi egin zezakeen.Azken aldiko partidetan ikusten da oso desorekatuak daudela aurtengo bikoteak. Batetik Irujo-Barriola eta Olaizola II.a-Beroiz daude eta bestetik gainontzeko guztiak. Bi bikote hauek oraindik ez dute porrota ezagutu. Errua ez da pilotariena enpresena baizik; beraiek dira bikoteak osatzen dituztenak eta beraiek dira azken aldian kantxan mugimendu eta joko gutxi egotearen errudunak.Pilotazaleek faltan botatzen dituzte azken aldian ikusten ez diren norgehiagoka biziak eta pilotariak gogotan daude ikuskizuna eskaintzeko, baina hain handia denean batzuen eta besteen arteko maila, ezin ezer egin.