Konzezio baselizaren historia liburura

Guaixe 2012ko urt. 19a, 19:51

Azken urteetan etxarriarrek hizketa gai izan dute Konzezio baseliza. Kofradiako lagun nekaezin batzuen lanek ez zuten eragotzi paretak zabaltzea, eta arkuak erortzeko arriskuan zeuden. Hori eragotzi nahian, Konzezio Baselizaren Lagunen taldea sortu zen, eta baseliza zaharberritzeko plana abian jarri zuten. 2007an ekin zioten lanari. Gaur egun guztiz berritua ageri da, Etxarriko dermioan.

Hori da Etxarri Aranazko Konzezio baselizaren azken urteetako historia, etxarriar gehienendako ezaguna. Historia hori, ordea, mendeetan atzera hasi zen. Konponketa lanek aurrera egin ahala, Konzezio ermitaren historiarekiko jakin-mina piztu da herrian. "Bat baino gehiago ondoratu zaizkit, galde eta galde: nola eraiki ote zuten paraje horretan, noiz egina ote den, noiz berritua..." dio Migel Angel Sagasetak liburuaren sarreran. Historia ezezagun hori argitzen saiatu da Konzezio ermita liburuan.

Liburua
Konzezio ermita liburua hiru atal nagusitan banatzen da: luze-zabal landu du baselizaren jatorria. Konzezio elizaren arrastoen bila historian atzera egiten du Etxarri Aranatzen sorreraraino, XIV. menderaino. Bigarren atalean ermitaren eraikitze ekinaldiak aztertu ditu. Bukatzeko, bertan garatu den kristau bizitza lantzen du. Besteak beste, Konzezioko Kofradiaren berri ematen du. Ikerketa berezia bereziki Nafarroako Artxibo Orokorrean eta Elizbarrutiko Artxiboan oinarritu du, baita Etxarrin bertan aurkitutakoan ere.

Migel Angel Sagasetak liburu elebiduna argitaratu du, eduki bera gaztelaniaz eta euskaraz landu du. Liburuak denera, 198 orri ditu. Etxarri Aranazko SDI inprentak maketatu eta inprimatu du. 500 ale argitaratu dituzte.Liburua salgai dago 10 eurotan, Etxarri Aranazko Kaxeta eta Marixele liburu dendetan. Irabaziak Konzezio berritzeko obretara bideratuko dira.

GERTUTIK
Migel Angel Sagaseta, liburuaren idazlea eta apaiza

Nola sortu da liburua egiteko ideia?
Gustuko dut ordu libretan Etxarriko datuak biltzea: Obispadoan eta Artxibo Orokorrean ibilti naiz, eskura etortzen zaizkidan datuak biltzen ditut... Konzezio ermitan berritze lanetan hasi zirenean, polita iruditu zitzaidan hari buruz nituen datuekin idazki bat egitea. Luzatzen joan zen eta, azkenean, liburua atera zen. Euskaran ez naiz ikasia, eta zati hori Pellok zuzentzen dit. Liburua Konzezio baselizaren lagunen esku utzi dut.

Denbora gutxian bi liburu.
Luzaideko dantzenak lan gehiago eman zidan, askoz ere gehiago sakondu nuen eta. Konzezioko liburua errazagoa izan da: niretako ezagunak ziren datuak jendearen esku jarri ditut. Historia txikia da, nire ezagutzara mugatua. Batzuei datu batzuk ezagunak eginen zaizkie eta beste batzuei ez.

Zein da Konzezioren jatorria?
Baseliza ikusi orduko esaten dute adituek: XII. mendeko ermita da. Eta lehendabizikoa hala zen. Han herrixka bat bazen, eta eliz polita egin zuten. Txutik egon zen nik dakidala 1560 arte. Data hortako dokumentuetan "derruida" ateratzen da. Teilatua eta ateak egiteko kontratua 1626an egin zuten. Orduan egin zen orain ikusten duguna. Aurrekoaren gainean egin zuten, eta oraindik ere lehen ilaratan orduko harri landuak ageri dira.

Herri hartako beste aztarnarik badago inguruan?
Esaten zuten gaineko aldeko alorretan teila puskak agertzen zirela. Baina herri hura XIV. mendean desagertu zen, Etxarri egin zenean. Hain zuzen duela 700 urte eman zuten ordena inguruko herri txiki denak Etxarri Aranatzen sartzeko, nahiz eta ez ziren berehalakoan sartu. Erregearen dokumentua 1312koa da, baina herri horietako batzuk oraindik ere zutik zeuden 1350ean ere: Maiza, Mundiñano, Arrospide... Konzezioko herria, Lazkoz ez da ageri. Ordurako sartuta izango zen Etxarrin.

Konzezion erromeriarik egiten da?
Ez. Lehen prozesioak egiten ziren Aszensio aurreko hiru egunetan eta San Marcosetan, baina Kontzilio aurretik galdu ziren. Nik meza bakarra eman du han, etorri berritan, 1983an. Baina herritarrek debozioa zioten. Asko dira pasioan doazela bisitatxoa egin eta lore sorta uzten dutenak. Felix Igoa, Vicente Maiza, Juan Jose Botanz eta beste batzuk ermita zutik eutsi nahian ibili dira zenbait urtez.

Zergatik erabaki zen ermita berritzea?
Ermitaren interesa ikusita, duela urte batzuk herritar talde batek ermita berritzea erabaki zuen. Elkarte horrek egin ditu Konzezio berritzeko jestio guztiak: obraz arduratu, parrokian dirua eskatu, loteria atera, abesbatzaren kontzertua...2009an, obren lehen fasean, ermita zutik mantentzeko lanak egin ziren. Orain, bigarren fasean, bazterrak txukundu dira. Oraindik erretabloa berritzeko dago eta zurgin lana falta da. Lehen obrak ordainduta daude, eta bigarren fasean horretan daude. Liburua horretara bideratuko da.

Nola hartu dute liburua herritarrek?
Aurkeztu zen egunean bertan eliz atarian 100 ale desagertu ziren. Herritar bakoitzak badu istorio bat gehitzeko. Adibidez, lehengoan Aita Donostiak 1912an Etxarrin bildutako abesti bat pasa zidaten, Ama birjina, Konzezionekoa.