Urte berrirako euskararen inguruko asmoak

Guaixe 2012ko urtarrilaren 17a

Telefonoz beti euskaraz hasiko naiz, bezeroei euskaraz eginen diet, Beleixe Irratia entzunen dut, euskara ikasten ari denari euskaraz hitz eginen diot, lagun taldeko bat euskalduna bada euskaraz eginen diot... Horiek dira euskararen inguruan hausnartzeko Etxarriko Euskal Herrian Euskarazek (EHE) egin berri duen kanpainan jaso dituen 2012rako asmoetako batzuk. Urte berri, asmo berri kanpainaren barruan, eragile euskaltzaleak abenduan hainbat kartel jarri zituen herrian. Haietan EHEk urte berrirako zenbait asmo proposatu zituen. Batetik, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eskaintzen zituen tresnak erabiltzera gonbidatuz: Hizkuntz Eskubideen Behatokia edota udalean euskaraz aritzea. Horien aldamenean etxarriarrek 2012 urterako norberak har zitzakeen proposamenak ere zabaldu zituen EHEk. Anaitz Igoak eta Itsaso Ganboak Beleixe Irratian (FM 107) azaldu dutenez, jendeari euskararen inguruan pentsaraztea eta kontzientzia piztea zen kanpainaren asmoa. "Iruditu zitzaigun polita izanen zela jendeak urtea euskararen inguruan duen jarreraz pentsatzen hastea. Zer egin duen eta urte berrian zer eginen duen". Kanpaina hilaren 5ean despeditu zuten plazan. Etxarriarrek sutara bota zituzten orain arte euskararekin izandako ohitura txarrak. Aurtengo asmo berriak pankarta batean idatzi zituzten etxarriarrek.