Aritz Lasa eta Zubieta ezin burua altxa

Guaixe 2012ko urtarrilaren 24a

Atzokoan ere ezin. Tolosan jokatutako partidan Berasaluze VIII.ak eta Albisuk ez zuten hutsik egin eta Aritz Lasa eta Zubietak ezin izan zuten garaipena lortu. Bikoteak orain arte garaipen bakarra lortu du txapelketan eta puntua lortzeko intentzioekin atera ziren kantxara. 22ra iristea ezinbestekoa zen. Baina gauzak ez ziren nahi bezala atera.Pablito gainditzea zaila zela ikusirik, Lasa eta Zubietaren helburua Albisu zen. Hasiera batean, gipuzkoarrak zirudien pott egin zezakeena eta horrela ematen zuen partida erdialdean bikote urdina 11 eta 14 irabazten zihoanean. Momentu horretan Albisu indarberritu eta Zubietak ezin izan zuen ezer egin. Aritz Lasak ez zuen partidan sartzea lortzen eta etxarriarrak bakarrik ezin zuen norgehiagokaren pisu guztia eraman eta 17an gelditu ziren.Horrela, Berasaluze VIII.ak eta Albisuk sailkapeneko goiko partean jarraitzen duten bitartean, 3. postua, Aritz Lasa eta Zubietak behealdean, 7. postuan, daude. Hemendik aurrera, garaipenak ezinbestekoak izango dira finalerdietan sartu ahal izateko.