Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiralean hasi zen Bardoak 2012, Nafarroako taldekako bertso ekimena. Etxarri Aranazko gaztetxeak hartu zuen lehen saioa. Formatu berriarekin, Bertsozale elkarteak txapelketen seriotasuna eta tentsioa gutxitu, eta informalitatean eta gertutasunean irabazi nahi zuen. Baita lortu ere. Etxarriko Bilixkorriko taldearen eta Iruñerria-Gorritiko Desterratuak taldeen artean lagun arteko giroa nagusitu zen. Gaztetxean bildu ziren 80 bat lagunek bertso festarekin gozatu zuten. Ariketa bereziakIkusleek hasiera hasieratik sumatu zuten txapelketa berezi baten aurrean zeudela. Etxeko taldeak, Eneko Lazkozek, Joseba Beltzak eta Alain Iriartek, Zatoren trikitixaz lagunduta egin zuten agurra. Desterratuak taldeko Julio Soto, Irati Majuelo eta Unai Uberetagoena, berriz, kandelak eskuetan zituztela igo ziren eszenatokira, No woman, no cry ezagunaren melodiarekin bertsotan. Bertsolariek lau ariketa zituzten aurretik, taldeka egin beharrekoak. Gaia emanda, bertsoak egin zituzten zortziko handian eta zortziko txikian. Berritasuna gaueko hirugarren ariketan etorri zen. Bertsolariek bertsoak egin behar izan zizkieten argazki bati (bikotea ohean), abesti bati (Dragoi bola) eta objektu bati (sartzeko debekuaren seinalea). Ikusleek ederki gozatu zuten bertso saioarekin.BalorazioaTaldekako bertso ekimenenak "jendaurrean abesteak sortzen duen urduritasuna eta zirrara" probatzeko aukera eman die bertso eskoletako ikasleei, Alain Iriarteri eta Unai Uberetagoenari. Josebak eta Bolik taldekidearen ausardia nabarmendu zuten, "lehen aldiz bat-batekoan aritzera animatzeagatik". Beteranoen artean, esperientzia sumatu zen. Bi taldetako bertsolariek giro ona azpimarratu zuten. "Giroak ez du zerikusirik txapelketako tentsioarekin. Barban aurkezten hastearekin batera txispa piztu da, eta txapelketa ekimen bihurtu da" azaldu zuen Joseba Beltzak. Antolatzaile lanetan ibili zen Artzairen lana ere nabarmendu zuten. Boliren esanetan, "lekua, jendea eta giroa ezin hobea zen guztia ongi ateratzeko".Orokorrean bertso saioa parekatua joan zen. Ikusleen babesarari esker, epaileek etxeko taldeari eman zioten lehen puntua.