Mundiño kaletik epaitegira

Guaixe 2012ko otsailaren 2a

Nafarroako Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi du aurreko udalak emandako eraikuntza baimena, auzokideei arrazoi emanezAlkateak eraikuntza enpresako arduradunak eraso zuela salatu du Foruzaingoan, horrek halakorik egin zuela ukatu duIlbeltzaren 10ean Nafarroako Administrazio Auzitegiak emandako epai batek baliogabetu egin zuen Etxarri Aranazko Udalak iazko ilbeltzaren 28an emandako baimen bat. Mundiño kaleko 26. zenbakian 6 etxebizitza egiteko lizentzia zen. Auzitegiak kale horretako auzokideei eman die arrazoia, haiek jarri baitzuten obra baimenaren kontrako helegitea. Etxarri Aranazko Udalaren lizentzia bertan behera uzteko bi argudio eman ditu epaileak: batetik, onartutako altura gainditzen duela (8,60 m) eta, bestetik, kaldorra eta teilatu-hegala ez dela paraleloa kalearekiko, beharko zukeen moduan. Etxebizitza egina dago eta barruko banaketa lanak eta hornidurak jartzea besterik ez da falta. Salaketa berriaAldeek epaiaren berri izan ondoren, pasa den asteazkenean Etxarri Aranazko alkate Jose Ignacio Bakaikoak eraikuntza enpresako arduradun David Lizarraga Goikoetxea hartu zuen bulegoan. Epaiaren inguruan hitz egiten hasi ziren. Etxarriko alkateak Foruzaingoan salatu duenez, une batean eraikuntzako enpresako buruak "altxatu, bular parean arropetatik heldu eta bulegoko altzarien kontra bortizki astindu zuen; bitartean, oihuka, iraindu eta mehatxatu egin zuen". Salatutakoaren arabera, oihuak entzutean udaleko zenbait langilek atea zabaldu zuten. Orduan "ikusi zuten Lizarraga Bakaikoarengandik banatzen eta mahai gainean zituen paper eta karpeta guztiak lurrera bota" zizkiola. Horren guztiaren ondoren, Etxarri Aranazko alkateak Lizarraga Foruzaingoan salatu zuen. Eraikuntza enpresako burua polizia etxean 24 orduz atxilotuta egon zen. Heldu den asteazkenean izanen da gertakarien epaiketa. Agintearen aurkako atentatua leporatzen zaio, 2 eta 4 urteko espetxe zigorra izan dezakeena.UkatuSalatutakoak azaldu digunez, epaiaren berri jakin ondoren zer egin jakiteko alkatearekin biltzeko eskaera egin zuen. Biak ozen hitz egiten aritu zirela esan du Lizarragak: "baina ez nuen ez ukitu, ez mehatxatu ezta iraindu ere egin". Eraikuntzari dagokionez, Lizarragak azaldu digu zorrotz betetzen dituela lizentzian ezarritako baldintzak. Eta gaineratu du, "lizentzia legezkoa da udalak eman zuenetik auzitegiak partzialki baliogabetu duen arte; inork ez digu kontrakorik esan. Ez digute lana gelditzeko eskatu". Eraikitzaileak esan digu sei pisuetatik lau salduta dituela. 10 langile direla gaineratu du, eta egungo egoeran, ezin zutela obra mugagabe geldi izan. Publiko egin den gehiegizko altuerari dagokionez, Lizarragak esan digu azkeneko hamabost urteotan arau hori fatxada nagusiari soilik aplikatu zaiola eta baimenduta egon dela gainerako fatxadetan altuera hori gainditzea; herriko beste eraikuntza batzuk jarri ditu adibide gisa. Eraikuntza enpresatik espero dute Etxarri Aranazko Udala "bere erabakiekin kontsekuente izatea eta aurre egitea prozesuak eragin dizkigun kalte eta galerei". Bitartean, auzitegiaren epaiari helegitea jartzea aztertzen ari da.Udal bilkuraEtxarri Aranazko Udalak aurreko ostiralean ez-ohiko osoko bilkura egin zuen. Udalak gertaera salatzearekin batera, onartezintzat jo zuen "alkateak horrelako erasoak jasotzea, bere eginkizun eta ardura administratiboak zuzentasunez betetzeagatik". Etxarriar guztien ordezkari izanik, alkateak jasotako erasoa  "etxarriar guztiok jasotako erasoa ere badela" nabarmendu zuen. Alkateak udalbatza guztiaren babesa jaso zuen. Bilduren aldeko bozarekin eta NaBairen kontrakoarekin, Etxarri Aranazko Udalak erabaki zuen epaian akusazio partikular gisa aurkeztea. Bilduko udal taldeak esan du halakorik ez zela gertatuko aurreko udalak "kaltetuekin komunikazio gehiago izan balu, kontraste gehiago egin eta arazoei aurre egiteko jarrera izan balu". Bilduko zinegotzien iritziz, "prozesu hau mugarri izan da udalaren politika urbanistikoan", arauen interpretazio okerra eta gehiegi eraikitzearen aldeko politika egin dela esan dute. "Hemendik aurrera, neurriak jarriko ditugu hori gerta ez dadin". Etxarri Aranazko hirigintza planak interpretaziorako zirrikitu gehiegi dituela iritzita "luze gabe moldatu egin beharko litzatekeela" nabarmendu dute. Bildu, bestalde, "harrituta eta atsekabetuta" gelditu da udala akusazio partikular gisa aurkeztearen kontra bozkatu zuelako NaBaik. "Alkateari hitzezko elkartasuna eman diote, baina ez egitezkoa. Horrelakoetan, elkartasuna eta gizatasuna interes politikoen gainetik egon beharko lirateke". NaBaitik, azkenik, jakinarazi digute aurrerago emanen dutela iritzia. Kronologia2008-05 Eraikuntza enpresak lur-saila erosi zuen. Ondoren udalean 6 etxebizitza egiteko proiektua aurkeztu zuten.2011-01-28 Udalak Mundiño kalean 6 etxebizitza egiteko baimena eman zuen, udal arkitektoaren aldeko txostenarekin. Auzokideek udalaren erabakiaren kontra helegitea jarri zuten auzitegian, hirigintza arauak betetzen ez zirela argudiatuz. Udalak auzitegian lizentzia defendatu zuen.2011-05-22 Udal hauteskundeak. Udal berriak zalantzak azaldu zituen eta aldeen arteko bilerak hasi zituen. Udal arkitektoak lizentzia egoki emanda zegoela esan zuen.2011-10 Udalak beste arkitekto talde bati txosten teknikoa eskatu zion, beste iritzi bat izateko eta baimena gaizki emana dagoela dio. Hirigintza plana egin zuen arkitektoak ere gauza bera. Udal arkitektoak zalantzak agertu zituen.2011-10 Nafarroako Arartekoak udalari lizentzia berrikusteko edo aldatzeko eskatu zion.2011-10 Aldeen arteko bilera berriak. Udalaren tesia zen inori ez zitzaiola auzi luze bat komeni.2011-10-24 Etxarri Aranazko Udalak, osoko bilkuran, erabaki zuen aurreko udalak emandako lizentzia gaizki emana zegoela. Bildu alde eta NaBai kontra. 2011-11    Udalak eta arkitektoak adostuta, kontratua eten zuten. 2011-12    Nafarroako Auzitegi Administratiboan aditu-froga egin zen. 2012-01-10 Baimenaren kontrako epaia.