Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarriko Gazte Asanbladak gogotsu hasi du urtea. Etxarriko gaztetxean mugimendu berezia ari da azken aldian. Joan zen astean bertsolariak baziren, asteburu honetan bi musika talde igoko dira eszenatokira: Leihotikan iruindarrak eta Gaur Ez irurtzundarrak. Irurtzundarrak zuzeneanGaur Ez taldeak zenbait kontzertu eskaini ditu etxean, Irurtzunen. Bihar, lehen aldiz, Sakanan barrualdera joko dute, Etxarrira. Irurtzungo taldea musikari esperimentatuek osatzen dute: Xabi Unanua irurtzundarrak (baxua eta koroak), Arakilen aski ezaguna den Julen erasoarrak (ahotsa), Alfredok (gitarra), Idoiak (gitarra) eta Julenek (bateria). 2010ean gurutzatu ziren haien bideak. Uztarketa horretatik erritmo sendoko eta melodia goxoko taldea sortu zen. Irurtzungo musika taldeak indartsu hasi zuen urtea. Zenbait kontzertu eskaini ditu, Irurtzun aldean eta Iruñerrian batez ere. Azpimarragarria da Onki Xin pop rock lehiaketako finalera iritsi zela. Uda hasieran geldialdia egin zuen estudioan sartzeko. Lau abesti grabatu zituzten: taldeari izena ematen dion Gaur Ez, Itsututa, Itxoiten eta Agur. Abestiak eta bideoak web orrian eskegi dituzte. Web orrira jotzeko beharrik gabe, bihar zuzenean entzun ditzakegu Etxarriko gaztetxean.20 urteko ibilbideaLeihotikan taldeak Oroimenak erretzen diskoa aurkeztuko du Etxarriko gaztetxean. Izenak dioen bezala, Iruñeko taldeak gogora ekarri nahi izan du 20 urteko ibilbidea. Leihotikan taldea 1992an sortu zen. 95ean grabatutako lehen maketak taldearen musika zabaltzeko aukera eman zuen. Aipagarria da Altsasuko gaztetxean eman zutela lehen kontzertua, 1995eko martxoaren 15ean, Doktor Divagorekin batera. Geroztik, beste maketa bat, lau disko eta hamaika zuzeneko etorri dira. Punk-rock eta hardcore estiloko abestiak, batzuk sakon eta ilunak, besteak alai eta koloretsuagoak, Euskal Herri osoan eta Estatuan zabaldu dituzte. 20 urteek utzi dutena Oroimenak erretzen bilduman jaso dute. Diskoan taldearen lau diskoetatik zaleek hautatutako abestiak daude. Taldearen abesti ezezagunenak ere, 1996ko maketakoak, sartu dituzte. Azkenik, zenbait bildumatako temak eta bitxikeriak gehitu dituzte. Biharko kontzertuak ibilbide hori errepasatzeko aukera emanen du.