Etxean jokatuta ere ezin

Guaixe 2012ko otsailaren 13a

Olaizola II.a eta Beroizen kontrako partida Paskualen esku utzi ondoren, aste honetan Xala eta Laskurainen kontra jokatu behar zuen aurrez aurrekorako ehuneko ehunean zegoela esan zuen Zubietak. Gogotsu ekin zion partidari, gehiegi agian, eta aurrera joan ahala bikoteen arteko aldea gero eta handiagoa zen. Hori ikusita Aritz Lasa eta Zubietak indar guztiak ahalik eta tanto gehien egitean jarri zituzten. Urretxuarrak etxean jokatzen zuen eta erakustaldi bikaina eskaini zuen, tanto borobil eta politak eginez. Baina Zubietak ez zuen beharrezko maila eman. Bere eskuek ere ez zioten jarraitzen eta baten faltan biak minberatu zituen. Hortik aurrera Lasaren esku gelditu zen partidaren pisu guztia, baina aurrelari urretxuarrak ezin izan zuen guztia bere gain hartu. Xala eta Laskurainek gainera, pilota guztiak Zubietari bidaltzen zizkioten, min handia eginez. Azkenean partida 22 eta 18an gelditu zen, Xala eta Laskurainek hain beharrezkoa zen puntua lortuz. Lasa eta Zubietak, ordea, porrot honekin finalerdietan sartzeko aukera ia guztiak galdu dituzte.Zubieta 3 astez bajan egon beharko daAitor Zubieta ostiraleko partida bukatu ezinean egon zen eta akaberan pilota bultzatu besterik ez zuen egiten. Eskuin eskuko babak zabaldu zitzaizkion eta aldageletara jo behar izan zuen eskua gehiago babesteko. Hori gutxi balitz, ezker eskua ere mindua dauka. Etxarriarrak gaur dauka medikuarekin bisita eta orduan ikusi beharko zenbat denbora beharko duen osatzeko. Hasiera batean atzelaria 3 astez geldi egon beharko da, baina Zubietak ez du presaka ibili nahi eta orain garrantzitsuena erabat osatzea da.