Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zazpigarren artean lan egiten duten sakandarrak berri dira azken aldian. Haien artean dago Maite Artieda Barroso etxarriarra. Etxarriko ekoizle gazteak La Habanan (Kuban) girotutako filmean parte hartu zuen. Filma asteburuan mustuko dute Berlinale zinema jaialdi ezagunean.Atzo eman zioten hasiera Berlinale, Berlingo (Alemania) Nazioarteko Zinema Jaialdi ospetsuari. Otsailaren 19ra arte hara begira izanen dira mundu osoko zinemazaleak. Bertan estreinatuko dute Una noche pelikula, zehazki otsailaren 16an. Film luzea ikusle gazteei zuzendutako Generation 14 plus atalean botako dute. Bi sari ditu jokoan: epaimahai ofizialarena eta ikusle gazteena. Filma Berlinale bezalako izeneko jaialdi batean mustutzea "garrantzitsua" da. "Jaialdia zenbat eta garrantzitsuagoa izan, orduan eta zine industriako jende gehiago erakartzen du" dio Maite Artiedak. Dena ongi badoa, Berlin edo Cannes-en banatzailea lortzea espero dute. FilmaUna noche filma New Yorkeko (AEB) Lucy Mulloy zinemagileak zuzendu du. AEB, Kuba eta Erresuma Batuan egin da. Ekoizleen artean dago Maite Artieda etxarriarra. Filmak Elioren eta Raulen istorioa kontatzen du. Biek amets bera dute: 90 miliara dagoen askatasuna. Raulek Eliori laguntza eskatuko dio Miamira ihes egiteko. Maite Artiedaren esanetan, "filmak dokumental baten antza du. Bidaiaren aitzakiarekin, familiek Kuban bizi duten egoera kontatzen da".Prozesu luzearen fruituaFilmaren premierra otsailaren 16an izanen da Berlinen. Baina horra iristeko egin beharreko bidea luzea izan da. Maite Artieda zailtasun horien lekuko izan zen. "Ez da erraza Kuban film independente bat egitea. Gainera laborategiko lanak Toronton egin genituen. Kuba, London eta Toronto artean zenbait bidaia egin ditugu" azaldu zigun 2010ean, Kubatik etorri berri zenean. Etxarriarrak gertu-gertutik jarraitu zuen filmaren prozesua: "gidoia, babesleak lortzea, aktoreak, filmatzeko lekua... Produktoreak guztia antolatu eta koordinatu behar du". Grabazioaren ondoren filmaren post-produkzioa etorri zen. "Pelikula erabat bukatzeko lan asko gelditzen da: edizioa itxi, soinua, kolorearen zuzenketa..." azaldu digu Maite Artiedak. Etxarriarrak lanean jarraitu du: "filma ez da errodajearekin bukatzen: hilabete hauetan batez ere filma erosi dezaketen banatzaileak bilatzen eta Berlinale jaialdiko estreinaldirako promozio-materiala prestatzen ibili naiz". IbilbideaMaite Artieda Barrosok Publizitatea eta Erlazio Publikoak ikasketak egin ditu Nafarroako Unibertsitatean. Ikasketak bukatuta komunikazio agentzia batean hasi zen lanean. Ondoren, Donostiako Zinemaldian produkzio lanak egin zituen hiru urtez. Hor sortu zitzaion zinemarako arra. Horrela, Londreseko bidea hartu, eta zineko produkzio ikastaro bat egin zuen. Han zegoela, Lucy Mulloy zuzendariaren Una noche filmean lan egiteko aukera izan zuen. Maite Artiedak Primera Luz ekoiztetxea sortu berri du. "Proiektu gehiago egiten jarraitu ahal izateko bidea da" dio. Gaur egun zenbait egitasmo ditu esku artean: "film labur bat bukatzen ari gara eta dokumental bat egiten hasi gara Kuban". Etxarriarraren lanaren fruituak aurki pantaila handira iristea espero dugu.