Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean jokatu ziren III. Kutxa Saria txapelketako 2. jardunaldiko partidak. Maila handiko partidak ikusteko aukera izan zen eta neskek ez zuten huts egin.Jaialdia ixteko partidan Aristonera eta Ruiz de Larramendik Mendizabal eta Arrietaren kontra jokatu zuten. Garaipena Maider Mendizabal eta Ariane Arrietarendako izan zen. Bikoteak 1. jardunaldiko partida ere irabazi zuenez, finalerdietarako lehen sailkatuak dira.Aurrez aurrekoa oso berdindua egon zen partida erdiraino. Hasieran urdinak irabazten hasi baziren ere (2-10), gorriak berehala erreakzionatu eta indartsu aritu ziren 13na eta 14na berdindu arte. Konfiantza hartzen hasi ziren eta 16 eta 14 irabazten jarri ziren. Baina orduan etorri zen Mendizabal eta Arrietaren erantzuna eta ez zuten bat bera ere barkatu. Azkenean markagailua 20 eta 30 gelditu zen.Lau palistek sekulako erakustaldia eskaini zuten. Mendizabal oso gustura zebilen pilotalekuan eta nahieran mugitu zituen bai pilota bai aurkariak ere, 6 errebote jo eta tanto bikainak lortuz. Aristorena nahiko lotsati zegoen bere lehen partidan eta ez zuen ohiko jokoa erakutsi. Hala ere konfiantza hartzen doan heinean gehiagora joango da. Atzeko koadroetan Arrieta gazteak ongi erantzuten jakin zuen bikote nafarraren pilotadak.Heldu den asteburuan erabakiko da zein izango den finalerdietan Mendizabal eta Arrietaren kontra ariko de bikotea. Horretarako, aurrez aurre izango dira Housset eta Serre eta Aristorena eta Ruiz de Larramendi.