Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Oscar sarien ajea gainditu ezinean gabiltzan haste honetan, Berlinalera begira jarriko gara gu. Otsailaren 9tik 19ra Berlingo Zine Jaialdiko Urrezko hartz preziatuaren atzetik ibili dira mundu osoko hamaika filma. Sari preziatua irabazteko aukerarik gabe, Maite Artieda Barrosorendako "sari handia" izan da Una noche filma bertan mustu ahal izatea. Etxarriko ekoizlea Beleixe irratian (FM 107.3) izan zen Berlinaletik bueltan. New Yorkeko (AEB) Lucy Mulloy zinemagileak zuzendu du Una noche filma. AEB, Kuba eta Erresuma Batuan egin da. Ekoizleen artean dago Maite Artieda. Etxarriarrak filmaren prozesu osoan parte hartu du, gidoia hasi zenetik, babesleak opatu, aktoreak aukeratu, Kubako filmatu eta postprodukziora. Bidean, zenbait bidaia egin ditu London, Kuba eta Toronto artean. Azken helmuga Berlin izan zen, bertan mustu baitzuten filma. "Filma Berlinalen mustutzea aukera handia da. Jaialdia zenbat eta ezagunagoa izan, gero eta industriako jende gehiago erakartzen du" esan zigun Maite Artiedak bidaiaren bezperan. Bertan egon nahi izan zuten lan-taldeko zenbait kidek, besteak beste, Lucy Mulloy zuzendariak, argazki zuzendariak, hiru protagonista nagusiek eta Maite Artieda etxarriarrak. Denendako esperientzia ederra izan da.Film luzea ikusle gazteei zuzendutako Generation 14 plus atalean mustu zuten. Bi sari zeuden jokoan, epaimahaiarena eta ikusle gazteena. Saririk jaso ez badute ere, Maite Artieda eta lankideak pozik itzuli dira, "filmak harrera ona" izan baitu. Filma zinema aretoetara iritsi arte, lanean jarraitzeko indarrez beteta etorri dira. Datorren hilabeteetan beste jaialdi batzuetara joatea espero dute. "Europan mustu dugu, baina AEBetan eta Hego Amerikan estreinatzeko dago. Distribuzioa lortzeko jaialditara joan beharra dago, are gehiago horrelako egitasmo txikietan" azaldu du Maite Artiedak Beleixe irratian (FM 107.3). Una nocheFilmak Elioren eta Raulen istorioa kontatzen du. Biek amets bera dute: 90 miliara dagoen askatasuna. Raulek Eliori laguntza eskatuko dio Miamira ihes egiteko. Maite Artiedaren esanetan, "filmak dokumental baten antza du. Familiek Kuban bizi duten egoera kontatzen da".GertutikMaite Artieda Barroso, ekoizleaNon eta noiz grabatu zenuten Una noche filma?Filma gutxi gorabehera orain dela bi urte grabatu zen Kuban. Nik ekoizle lanak egin nituen. Aktoreak aukeratzen, errodajean, postprodukzioan... Prozesu guztian parte hartu dut. Zer kontatzen du filmak?Labur esanda, hiru neska lagunen istorioa da. Kuban nahiko egoera gogorrean bizi dira eta Miamira alde egin nahi dute. Bidaia nola prestatzen duten ikusten da. Filmak Kubako gizartearen aspektu ezberdinak erakusten ditu.Zer moduzko esperientzia izan zen grabazioa?Ikaragarria. Bai pertsonalki eta bai profesionalki. Kuban lan egitea oso ezberdina da. Internet gabe, telefono gabe... nahiko gogorra egiten da, baina azkenean ongi joan zen. Berlinalen mustu duzue filma. Zer moduz?Oso esperientzia polita izan da. Horrelako leku batean pelikula amaituta ikustea handia da, eta baita ere jendearen erreakzioa ikustea. Guk istorioa ezagutzen dugu, baina gainerakoendako berria da. Zuretako esperientzia berria zen?Donostiako Jaialdian lan egin izan dut, baina ezberdina da han lan egitea edo zure filma mustutzea. Oso urduri nengoen, baina dena ongi joan zen. Aipamenik jaso zenuten?Ez genuen saririk jaso, baina filma han aurkeztea sari ikaragarria da. Han banatzaile handiak daude, prentsa... Filmarendako oso ona da.Hemendik aurrera zer?Banatzailea lortu arte jaialdietan jarraituko dugu. Europan estreinatu dugu, baina oraindik AEBetan eta Hego Amerikan mustutzeko dago. Badirudi apirilean AEBetako jaialdi batean egonen garela. Ea banatzailea lortzen dugun.