Ospitaleko bizipenak

Guaixe 2012ko maiatzaren 9a

Joseba Bakaikoa Escalak argitaratu berri du Ante el final de la vida. Mis vivencias en el Hospital Santa Marina de Bilbao liburua. Fraide kaputxinoak Otxarkoagako bi parrokietan eta aipatu ospitalean lan egiten du. Eta, hain zuzen, erietxe horretan azken lau urte eta erdian hainbat gaixorekin izandako esperientziak dira etxarriarrak liburuan ematen dituenak.  Zaintza intentsiboetako geletan bizi izandakoak eta haiek oroitarazteak burura ekarri dizkionak jaso ditu paperean. Hala, irakurleak heriotza gertu duen pertsona galeria baten berri jasoko du Josebaren eskutik. Haien poz eta tristurek idazlearengan sortutako sentipenak. Bakaikoak liburu irakurterraza idatzi du. Makina bat atal txiki dituena. Lehen pertsonan eta kronika moduan, idazkera argi eta zuzena erabili du etxarriarrak 65 orritan. Erosi nahi duenak hona idatz dezake: Langaran kalea 5, 2B, Bilbao. Bestela, 610 276 066 telefonora hots egin dezake. 6 eurotan dago salgai. Joseba Bakaikoa EskalaKaputxinoa eta idazleaOspitalean zure egitekoa gaixoei konpainia egitea da? Bai. Gure mundu honetan jendea bakartasun hutsean sartuta dago. Gure taldean gaudenak gela guztietara joaten gara. Gu gaixoekin eta haien familiekin egoten gara. Hor harreman ederrak sortzen dira. Eta batzuetan oso gogorrak. Neretako oso misio ederra da. Gaixoaldian jendearen onena eta txarrena ateratzen da. Hor ez da diruduna edo pobrea izatea. Hor gaixo zaudela nabaritzen da. Bizitza muga batean dago eta hor pertsona agertzen da. Pertsona batekin hitz egitea oso garrantzitsua da. Bere nortasuna agertzen da, zer nolako hutsune edo beldurrak dituen. Horietaz hitz egitea oso-oso interesgarria da; oso gizatiarra da. Horretaz aritzea ere karga bat arintzea izanen da?Neretako ez da gogorra. Ni oso sarturik nago. Batzuetan negar egiten dut. Baina hori da bizitza. Hori da nire lekua. Nahiago nuke ospitalean gelditzea parrokietan baino. Bi parrokietan nago eta ospitalean, eta batzuetan ez naiz iristen. Denbora gehiago gelditzea gustatuko litzaidake. Nire bokazioa da. Eta idatziz jaso?Ospitalean bizi izandako nire pasadizoak jasotzen dira. Ospitalean daukadan bizitza dago liburuan. Euskaratzea gustatuko litzaidake, baina oraingoz ez dut betarik. Bizitzaren bukaeraren aurrean jarrera ezberdinak daude?Ezberdintasun asko agertzen dira. Batzuk onartzen dute azkena dela. Beste batzuk ez. Nire amaren kasua ere sartu dut. Iruñean hil zen. Harekin ospitalean 4 hilabete egon nintzen eta hori agertzen da. Hor agertzen da ere. Norendako da liburua?Edozeinek irakur dezake. Nik uste dut bizitza sakontasunean hartu nahi duen bati, ongi etorriko litzaiokeela liburuxka irakurtzea.