Burujabetzaz lau ikuspegi

Guaixe 2012ko maiatzaren 14a

Kultur etxea etxarriarrez eta aldameneko herritarrez beteta zegoela, larunbatean bi orduz aritu ziren jendaurrean hizketan Joan Tarda, Kataluniako ERCko lehendakaria; Roman Felones PSNko lehendakaria; Joseba Egibar, EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakaria eta Pernando Barrena, ezker abertzaleko kidea.  Berria egunkariko politika arduradun Pello Urzelai izan zen saioa bideratu zuena dinamismo handiz. Lehenenik, 1512ko konkista aitzaki harturik, burujabetza kontzeptuaren inguruan jarri zituen hizketan Urzelaik. Politikari bakoitzak bost minutuko txanda izan zuen. Politikariek bat egin zuten "konkista" terminoa erabiltzean. "Alde batekoa edo bestekoa beharrean, historia ona edo txarra dago. Argi dago Nafarroa militarki konkistatu zela" esan zuen Felonesek, "hala ere, ez da historia mitifikatu behar" gehitu zuen. Hizlariek zenbait gertakari historiko ekarri zituzten gogora. "Kataluniarrek gerra guztiak galdu ditugu, baina Katalunian eta Euskal Herrian asimilazioa ez da guztiz arrakastatsua izan. Horregatik eztabaida hori ekidi ezina da" adierazi zuen Tardák. Pernando Barrenak adierazi zuen historiak "oinarria" ematen duela, baina "ez zilegitasun politikoa": "zilegitasuna demokraziatik dator". Hain zuzen, demokrazioa izan zen mahainguruaren bigarren zatian gehien errepikatu zen hitza. Politikariak erabakitzeko eskubidearen gainean aritu izan ziren. "Europako herrialdeen etorkizuneko erronka demokraziaren kalitatea handitzea da. Demokratagoak izan behar dugu independentista, españolista, unionista, autonomista edo federalista baino". Pernando Barrenak autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuen: "ezin diogu inori exijitu independentista izatea, baina bai erabakitzeko aukera izatea. Tresna berdinzaleagorik ez dago". Joseba Egibarrek nazioen eskubideak defendatu zituen: "Egungo Europan bi subjetu daude, Estatuak eta hiritarrak. Nazioek ez dute lekurik. Hiritarrek eskubide guztiak onartzen zaizkie bat izan ezik: nazioa erabakitzeko eskubidea". Roman Felonesek beste bide batetik jo zuen: "Zein da herria? Euskal Herri independentea sortu, eta hortik ateratzeko eskubidea luke Arabak? Tuterak?" galdetu zuen. "Praktikotasunez, soberaniaren subjetua Espainiako herriak izan behar da, bere osotasunean" adierazi zuen. Mahaingurua ixteko, publikoaren bi galderari erantzun zituzten. Batetik, Felonesek Euskararen Legean duen ardura onartu zuen, "onerako eta txarrerako". Bestetik, mahaikideek Euskal Herria eta Katalunia independenteen ondorio ekonomikoez hausnartu zuten.  Etxarri 2012 ekimenak politikari, moderatzaile eta publikoarekin eskertuta azaldu zen. Aldi berean, azpimarratu zuen larunbatekoa bezalako ekitaldiekin "errazagoa izanen dela herri honen etorkizuna erabakitzea".