Nazabal finalean

Guaixe 2012ko maiatzaren 15a

Urrezko Aizkorako Txapelketako finalerako sailkatu den lehen aizkolaria Floren Nazabal dugu. Donato Larretxearen kontra jokatutako finalerdian erraz gailendu zen etxarriarra, Arantzakoari minutu pasako aldea kenduaz. Nazabal iaz ez zen Urrezko Aizkorako Banakako Txapelketan aritu, baina aurten gogo handiz itzuli da. Hasierako bi lanetan - 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu eta 45 ontzakoa erloju kontra erdibitu - parez-pare aritu ziren Nazabal eta Larretxea, baina etxarriarra izan zen azkarrena. Zutik jarritako kana-erdiko enborra erdibitzeko lanean Arantzakoa gailendu zen. 60 ontzakoa zeinek azkarrago mozteko lanetan Nazabalek 46 segundo kendu zizkion Larretxeari. Azkenaurreko lanean - kana-erdiko enborra zutik eta 45 ontzakoa etzanda erdibitu - berriro ere Nazabal izan zen garaile, Larretxeari tarte dezente atereaz. Iraupen proban bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen. Nazabalek bukatu zuen aurrena, Donatori 31 segundoko aldea atereaz. Lan guztiak batuta, 17 mionutu eta 7 segundo behar izan zituen etxarriarrak, eta 18 minutu eta 28 segundo, aldiz, Arantzakoak. Sasoiko dabilela demostratu zuen etxarriarrak, eta finala irabazteko faborito nagusienetakoa izango da. Finala ekainaren 10eanAurten, nobedade moduan, hiru aizkolari ariko dira finalean. Beste bi aizkolariak zein izango diren maiatzaren 27an jakinen da, Lagranen jokatuko den jaialdian. Aitzol Atutxa Iñaki Azurmendiren kontra ariko da, eta Ugaitz Mugertza Unai Otañoren kontra. Bi lehietako irabazleak Nazabalen aurkari izango dira ekainaren 10ean Azpeitian jokatuko den final handian.