Etxeberria Madrilgo ekintzaileen topaketa batean sarituta

Guaixe 2012ko maiatzaren 17a

Madrilgo Start-up Weekend ekintzaileen topaketa maiatzaren 4tik 6ra ospatu zen. Bertan 81 pertsona bildu ziren, batzuk ideia ekintzaileekin, besteak jakintzekin  eta azken batzuk aholkulari gisa. Aurrenekoek haien ideiak aurkeztu zituzten eta haietatik 8  izan ziren garatu beharrekoak. Taldeak sortu ziren eta jakintza esparru ezberdinetako pertsonek 50 ordu izan zituzten haien ideia garatzeko. Jon Etxeberria Ijurraren taldeak Give your Birthday edo www.gi-bi.com/es web gunea aurkeztu eta hainbat sari irabazi egin zituen. Etxeberriak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, Give your Birthday (dona ezazu zure urtebetetzea) ideia Madrilen bizi den Kolonbiako Daniel Hernandez gizarte-ekintzailearena da, bere herrian Somos mas gobernuz kanpoko erakundea sortu duena. 8 pertsonek osatu zuten taldea, programatzaile, diseinatzaile eta gizarte ekintzaileak. Horien arten Etxeberria eta Edorta Agirre durangarra. Guztiek ideia garatzen lan egin zuten asteburuan, 50 orduz. Beleixe Irratian (FM 107,3) Etxeberriak azaldu duenez, honetan datza Gi-Bi web guneak: Norberaren urtebetetze egunean lagunei eta senideei opari materialik ez egiteko eskatzen die lehenik. Ondoren, oparitan gastatu behar zuten dirua urtek egiten dituen pertsonak hautatutako erakunde batera bideratzea eskatzen die. Horretarako www.gi-bi.com/es web gunea erabiliko du. "Gertu dauzkagun arazo txikiei irtenbidea emateko beste bide bat da: zuhaitzak landatu, familia bat lagundu... Norberak erabaki dezake zeri bideratu dirua", gaineratu du etxarriarrak.  Start-up Weekend Euskal HerriaJon Etxeberria Ijurra eta Edorta Agirre Madrilgo topaketara helburu batekin joan ziren, "Start-up Weekend jardunaldia Euskal Herrira ekarri nahi dugu. Horregatik, Madrilera antolakuntza arlo guztiak ezagutzera joan ginen" azaldu du etxarriarrak. Beleixe Irratian (FM 107,3) argitu zuenez, topaketa nazioarteko jarduera da eta San Franciscon ezagutu zuen. Ideia gustatu eta antolatzaileekin hitz egiteko aukera izan zuten. Madrilgoarekin harremanetan jartzeko esan zigun. "Asmoa, iraila-lastailerako aurreneko saioa antolatzea da. Aurrena ziurrenik Bizkaikoa izanen da, baina gainontzeko herrialdeetan ere egin nahi dugu". Etxarriarraren iritziz, "Euskal Herrian ekintzailetasunaren arloan potentzia handia dago, baina Madrilekin alderatuta pixka bat atzetik goaz, batez ere gazteen artean. Unibertsitatetik atera eta lanpostu bat bilatzen dugu. Ez gaude gure lanpostuak sortzera ohituta. Hori bulkatu nahi dugu. Jendean bere ideiak sortu eta garatzea. Jende gehiago ezagutzea". Topaketa egungo egoerari irtenbidea emateko bide bat izan daitekeela uste du etxarriarrak. Sakantzen sareko kide, krisiari buelta emateko beste tresna gisa ikusten du sarea. Aldi berean, sinistuta dago edozein izan daiteke ekintzailea. "Ideiarik ez badu, duen batekin elkartu eta jakintza teknikoak eman ditzake".