Iruñeko Orfeoia bihar Etxarrin

Guaixe 2012ko maiatzaren 18a

Larunbatean, 20:00etan, Etxarri Aranazko elizan.Lorenzo Ondarra konpositore bakaikuar zendu berria omenduko du Etxarri Aranatzen sorreraren 7. mendeurrena da aurtengoa. Urtean zehar antolatutako ekimen ugarien artean Igor Ijurra Fernandez etxarriarrak zuzentzen duen Iruñeko Orfeoiaren emanaldia dago. Ijurrak jakinarazi digunez, bihar Etxarri Aranazko elizan entzunen diren doinuetako batzuk, sarri New Yorken kantatuko ditu orfeoiak. Egitarauak bi zati izanen dituela zehaztu digu.Alde batetik, musika erlijiosoa izanen da. Horien artean Lorenzo Ondarraren hiru lan izanen dira. Horietako bat, Pater noster, azaroan Ondarrari Iruñeko Baluarten egindako omenaldian mustu zuen Orfeoiak. Gainera, aurten Tolosako Abesbatzen Lehiaketan musika sakro alorrean kantatu beharreko kantua izanen da. Segituan, Iruñeko Orfeoiak Atlantida lana eskainiko du Etxarri Aranatzen. Atlantikoan ustez zegoen hiri mitologikoa oinarri Jacint Verdaguer apaiz kataluniarrak nobela idatzi zuen, eta hartan oinarritu zen Manuel de Falla bere azken lana sortzeko. Katalanez, gaztelaniaz eta latinez sortutako lan horren 3 zati abestuko ditu Iruñeko Orfeoiak. "Seriotasuna" baztertu eta emanaldiaren bigarren zatian "festa giroa" nagusituko da. Iruñeko Orfeoiak Carmina Buranaren dozena erdi bat mugimendu eskainiko ditu. Ondoren, zenbait euskal kantu etorriko dira. Emanaldia ixteko Iruñeko Orfeoiak Venezuelako Alma Llamera joropoa eskainiko du.