Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Buruz Buruko Urrezko Aizkora1.Floren Nazabal: 23:452.Aitzol Atutxa: 24:433.Unai Otaño: 26:21Iaz Floren Nazabal ez zen Urrezko Buruz Buruko Txapelketan aritu. Arantza hori atzo kendu zuen etxarriarrak, atzo Azpeitiko Izarraitzen jokatutako aurtengo finala irabazi baitzuen, Unai Otaño eta Atutxaren aurrean. Urrezko Aizkora irabazteko faborito nagusia zen etxarriarra, baina uste baino lan gehiago egin behar izan zuen txapela janzteko. Ikusmin handia zuten Izarraitzen bildutako zaleek, eta baita ETB1en bidez finala jarraitu zutenak. Izan ere, lehenengoz hiru aizkolari aritu baitziren finalean: Nazabal, Otaño eta Atutxa. Guztira sei lan egin behar izan zituzten aizkolariek. 45 ontzakoa nork kolpe gutxiagotan moztu, Aitzol Atutxa izan zen garaile, 34 kolperekin. Lau gehiago behar izan zituen Nazabalek. Bigarren proban 45 ontzakoa erlojuz kontra bota behar zuten. Kasu honetan Otaño izan zen azkarrena (43 segundo). Lau segundo gehiago behar izan zituen etxarriarrak. Jarraian 60 ontzakoa zutik erdibitu behar izan zuten. Onena Aitzol Atutxa izan zen (3:22), eta Otañok denbora asko galdu zuen. Nazabalek 3:29an erdibitu zuen enborra. Laugarren lanean 60 ontzako enborra etzanda bota behar izan zuten. Oso pareko aritu ziren hiru aizkolariak, baina Nazabal gailendu zen (2:02). Bosgarren lanean kana-erdiko bat zutik eta beste bat etzanda erdibitu behar ziren. Hor etxarriarra izan zen azkarrena. Eta azkeneko proban, lan luzean, Nazabal izan zen jaun eta jabe. Otañok ez baina Atutxak bazituen aukerak, baina saioa luzatu ahala behera egin zuen bizkaitarrak, Nazabal nagusituz. Lan guztiak bukatuta Floren Nazabal izan da txapeldun handia, Atutxari ia minutu bat aterata.