Udala jaso dituen eraso, irain eta heriotza-mehatxuen kontra

Guaixe 2012ko ekainaren 25a

Aurreko hilabeteetan udalaren kontrako "pintaketa larriak" izan badira ere, San Adrian egunean udaleko bi zinegotziren eta bi langileren kontrako pintaketa agertu zen (puta-semeak, denak hil; Bildu zikin, kanpora). Egun berean iluntzean mehatxu pintaketan agertzen zen langile baten bordak su hartu zuen. Bi gertakariak loturarik duten ezin du ziurtatu udalak eta aztertzeko batzorde bat sortuko du. Horixe erabaki zuen aurreko ostegunean egindako ezohiko batzarrean. Horrekin batera, Etxarri Aranazko Udalak aho batez salatu ditu "udaleko kideek jasan dituzten eraso, irain eta heriotza mehatxuak, oso gertaera larriak izan baitira". Aldi berean, irainak jasan dituzten hautetsi eta langileei babes osoa eman die. Etxarri Aranazko Udalak argitu nahi izan du "langileen lana udalaren ardurapean egina dela, eta udalak berak duela langileen jardueraren erantzukizun guztia". Udalak, bestalde, adierazi du "udal hautetsiak herritarrek hautatutako ordezkari legitimoak direla, eta bestetik, udal langileak herritarren zerbitzura zintzoki lan egiten duten pertsonak direla. Hortaz, udal hautetsi eta langileak iraintzea etxarriar guztiak iraintzea ere badela". Aldi berean, Etxarri Aranazko Udalak konpromisoa hartu du "beharrezkoak diren erabaki administratiboak hartzen jarraitzeko, eta beharrezkoak diren praktika politikoak zintzotasunez eta zorroztasunez gauzatzeko, elkarlanaren eta parte-hartzearen bidez".Azkenik, etxarriarrei zuzendu zaie udala, "elkarbizitzaren alde eta gizarte demokratiko bat eraikitzearen alde lan egin dezaten, irainak eta probokazioak alde batera utzita".