Beroarekin baina giro paregabearekin jokatu da Espainiako Abiadura Txapelketako (CEV) laugarren lasterketa Kataluniako Zirkuituan, Montmelón. Bi irurtzundar aritu ziren lanean 20.000 zaleen aurrean. Alex Mariñelarena Moto 2 mailan eta Juan Mari Olias Stock Extreme mailan. Moto 2 mailan Jordi Torresek osatu zituen zirkuituko 16 itzuliak (75,6 km) azkarrenen (29:08.877). Keeny Noyes, Roman Ramos eta Alejandro Mariñelarena (CCNS Motorsport) pilotuek sekulako borroka egin zuten podiumera igotzeko eta azkenean Noyes bigarrena izan zen, Ramos hirugarrena eta irurtzundarra laugarrena (29:12.758). Sailkapen orokorrean Torres dago buruan (85 p.) eta Mariñelarena laugarrena da (46 p.). Aldiz, Stock Extreme mailan gauzak ez zitzaizkion hain ondo joan Juan Mari Olias irurtzundarrari (Circuito de Navarra, BMW). Carmelo Morales izan zen garailea (28.51.205) eta Olias 19. postuan heldu zen helmugara (29:59.787). Sailkapen orokorrean Morales da lider (95 p.) eta Olias 20.a da (6 p.). Espainiako Abiadura Txapelketako bosgarren proba uztailaren 22an jokatuko da Albaceten.