Xala-Zubietaren aukera Sanferminetako binakako finalera heltzeko

Guaixe 2012ko uztailaren 12a

Gaur Sanferminetako Binakako Torneoko partida jokatuko dute Xala-Zubietak Labriten. Astearte gauean Berasaluze VIII.aren eta Albisuren kontra 22-14 galdu zuten Martinez de Irujo eta Merino II.a izango dituzte aurkari Xalak eta Zubietak. Partida gogorra izango da, Sanferminetako Binakako finalera nor sailkatuko den baitago jokoan. Beste bikote finalista nor izango den badakigu: Oinatz Bengoetxea eta Begino. Azkenaldian Irujo ez dago bere onenean. Sanferminetako lau t´erdiko finala eta buruz buruzko finala galtzetik dator, eta asteartean ere sanferminetako binakako partida galdu zuen. Finalerako sailkatzeko aukerak izateko gaur gutxienez 22-13 irabazi beharrean daude Irujo eta Merino egungo txapeldunak, eta guztiz presionatuta daude. Aldiz, Xala eta Zubieta Berasaluze VIII.aren kontra eta Albisuren kontra 22-14 irabaztetik eta sekulako jokoa erakustetik datoz. Larunbateko final handira sailkatzeko gutxienez 22-15 irabazi beharko lukete lekuindarrak eta etxarriarrak. Eta hiru bikoek - Berasaluze VIII.a-Albisu, Xala-Zubieta eta Irujo-Merino II.a - puntutara berdintzen badute, hau da, Irujok-Merinok 22-14 irabaziko balute, antolakuntzak zozketa eginen luke finalista nor den zehazteko. Hortaz, gaur gauean Labriten jokatuko den lehia oso estua espero da. Jaialdia zabaltzen duen partidan, 22:15ean, Alberto Ongay satrustegiarrak eta Peñagarikanok Tainta eta Mendizabal II.a izanen dituzte kontrario. Ondoren Binakako Torneoko partida erabakiorra jokatuko dute Irujo-Merinok Xala-Zubietaren kontra. Ea Etxarrikoa finalera heltzen den. Eta jaialdia ixten duen partidan Apezetxearekin osatuko du bikoa Zabaleta etxarrendarrak, Olaetxearen eta Ibai Zabalaren kontra jokatzeko.