Aldasoro fidantzapean aske geldituko da

Guaixe 2012ko uztailaren 25a

Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak erabaki du behin-behineko espetxealdia ez luzatzea eta Jose Aldasoro Jauregi 8.000 euroko fidantzapean aske geldituko da. Navalcarneroko espetxetik aterako da 22 hilabete preso egin ondoren. Etxarriarra 2010eko irailaren 14an atxilotu zuten, Fernando Grande-Marlaska epaileak aginduz. Sarekada berean Guardia Zibilak beste 8 pertsona atxilotu zituen Ekin-eko zuzendaritzako kide izatea leporatuta. Epailearen esanetan "ezker abertzalearen barruan ortodoxia mantentzen duten ETAren komisario politikoak dira Ekin-ekoak". Horregatik epaileak guztiei "erakunde terroristako kide izatea edota kolaborazio terrorista delitua" leporatu zien.Ekin-ek berak pasa den urteko lastailaren 1ean bere desegitea iragarri zuen. Barne eztabaida baten eta ezker abertzalearen aldaketa sakonaren ondorio izan zela iragarri zuten orduan. Tratu txarrakGuardia Zibilaren esku 3 egun egon ondoren, Aldasoro Soto del Real espetxean sartu zuten preso. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi zuen Aldasorok atxilo-aldian tratu txarrak jasan zituela eta salatu zuela epailearen aurrean. AAMk zabaldu duenez, behin Madrilen, gela ilun batean eduki zuten Joxe, denbora luzez. Handik ateratzean antifaza jantzita egiten zuten. Iturri beraren arabera, Joxek "jazarpen psikologiko oso gogorra izan du. Bere senideen inguruko mehatxuak izan ditu, bere bizitza pertsonalarekin sartu dira. Oihu ugari egin dizkiote eta zarata ugari entzun ditu inkomunikaturik egon den aldian". Horrekin batera, arnasarik gabe uzteraino buruan poltsa jarri ziotela, ariketa fisikoak eginarazi eta postura deserosoetan egotera behartu zutela salatu zuen etxarriarrak.