Erantzun zabala udal langileen erasoen kontra

Guaixe 2012ko irailaren 4a

Erasorik ez etxarriarroi pankartaren atzean, agorrilaren 9an etxarriar ugari bildu ziren, plazan, isiltasunean, Fausti Razkinen etxearen kontra egindako erasoa salatzeko. Horrekin batera, Fermin Razkinen bordaren kontra egindako erasoa eta zinegotzien kontra egindako mehatxuzko pintaketak salatu zituzten herritarrek. Etxarriko udaleko kideek jasan dituzten eraso, irain eta heriotza mehatxuak gogor salatu zituzten, "oso gertaera larriak izan baitira". Aldi berean, babes osoa eman zieten irainak jasan dituzten hautetsi eta langileei, eta haiekin bat egiten zuten. Langileen lana udalaren ardurapean egiten dutela nabarmendu zuten eta, beraz, erantzukizun guztia udalarena dela azpimarratu zuten. Udal hautetsi eta langileak iraintzea etxarriar guztiak iraintzea dela adierazi zen agerraldian. Aurrera egiteko konpromisoa hartu zuen udalak eta etxarriarrei dei egin zien "elkarbizitzaren alde eta gizarte demokratiko bat eraikitzearen alde lan egin dezaten, irainak eta probokazioak alde batera utzita". GertaerakApirila akabera. Udaleko zinegotzien kontrako hainbat pintaketa agertu ziren industria-guneetan.Garagarrilak 16. San Adrian ermitan udal langile eta zinegotziei heriotz mehatxua egiten zien pintaketa agertu zen. Gauean mehatxatutako langile baten bordak su hartu zuen, antza, propio eraginda. Garagarrilak 21. Udalbatzak gertaerak salatu zituen. Agorrilak 3. Gauez, udal langile baten etxeari su eman zioten, langilea eta familiakoak etxean zeudela. Zorionez kalte materialak besterik ez ziren izan.