700 urte ez direlako beti betetzen

Guaixe 2012ko irailaren 14a

1312an, Luis I. Hutin-en (Frantziako Luis X.a) erregealdian Nafarroako Gobernadorea zen Enguerrand de Villiers-ek herri-karta eman zion Etxarri Aranatzi. Astelehenean efemeride horren 700 urte beteko dira. Etxarri Aranatzen sorrera gogorarazteko Etxarri 2012 ekimenak ekitaldia antolatu du iganderako, Beste 700 urte baietz! Izan giñelakos zarie! Gios izaan die! leloa duena. Errotondan jarritako haritza mustu eginen da igandean. 13:00etan izanen da, errotondan bertan eta ondoren auzatea izanen da. Hilaren 7an ekarri zuten Leñubetik haritz zaharra errotondara eta hura egoki jartzeko lanak egin dira. 18 edo 19 urte dira haizeak zuhaitza bota zuela. Hura eskuratzeko interesa 3 etxarriarrek azaldu zuten udaletxean. Udalak zozketa egin eta Jose Miguel Maiza Martinez de Armañanzasek eskuratu zuen, 40.000 pezeta inguru pagatuta. Maizak zuhaitza basoan eskultura moduan uztea erabaki zuen. Hala, 2 traktore txikiren laguntzaz zuhaitzari, kostata, buelta ematea lortu zuten; 3 adarrak oin gisa eta enborra goian utziz. Etxarri 2012 ekimenak haritz zaharrra etxarriar guztien sinboloa izatea nahi du, "ginena, garena eta izan garena" irudikatzeko. 7800 kiloPisu hori du haritzak. Urte hauetan bere kargaren %30 edo galduko zuen.