Beste 700 urterako ikurra

Guaixe 2012ko irailaren 17a

Etxarri Aranatzek 7 mende bete ditu, "ginena, gana eta izanen gana irudikatzeko" basoan zegoen eskultura herriaren bihotzera eraman dute. Errotonda inguruan egindako tripaki-auzate batek eman zion hasiera igandean errotondan jarritako haritzaren mustutze ekitaldiari. Ase ondoren, dantzari txikiek Agintariarena dantza dantzatu zuten. Joseba Beltza eta Manu Gomez bertsolariak efemeridea gai hartuta bertsotan aritu ziren. Haien ondoren, dantzariek Dantzakia dantzatu zuten, txandaka haritza eta herritarrei eskainiz.  HitzaldiakUdalaren izenean Iñigo Lazkoz kultura zinegotziak hartu zuen hitza. Herriaren sorrerako garaiak ekarri zituen gogora: "Garei hartan, seguraski, egoerak hala biertuta, erabai zebien elkarrekin babesleku sendo bat eitte, eta zazkabien arazuei batia aurre eitte". Gaur egunera etorrita, Lazkozek esan zuen "700 urte biandubo, gauzek asko aldatu die, beye Etxarriko herriyek, orduben bezela nortasun, hizkuntza eta kultura baten parte izeten jarraitzen dau". Zinegotziak adierazi zuenez, "orduben bezala, denok batia, soka berdiñetik tietzen badiau, herriyek aurria eiñen dau. Beste 700 urte beyetz!" Azkenik, esker oneko hitzak izan zituen Jose Migel Maiza eta Etxarri 2012 ekimeneko kideendako. Etxarri 2012 ekimenaren izenean Mikel Mundiñanok hartu zuen hitza. Adierazi zuenez, "herri honek 700 urtez bizi iraun dau, bee izaera, hizkuntze, ohituerak eta nortasunek gizaldiz-gizaldi iraun dau bizik. Ta hori ezin diau ahaztu". Ekimeneko kideak nabarmendu zuenez, "herri bet aurrai eitteko, iragana ezautu biau". Hori bera aldarrikatu zuen. Errotondan jarritako haritza herriaren sorreraren lekuko izan zela eta beste 700 urtez lekuko izan dadila opa zion. 700 urtetan Etxarri Aranatzen ama hizkuntza euskara izan zela aipatu zuen Mundiñanok, "eta, hizkuntzak eitten gaittu herri. Segi ziaun herri izeten. Guu arbasuek eindako bidiai euskin eta segi ziaun beste 700 urtes, herriye eta hizkuntze, Euskal Herriye, herri bezela aldarriketzen". Herriaren hitza eta erabakia herriarenak berarenak direla nabarmendu zuen. Jose Migel Maizari "bee sormen lanangati" eskerrak eman zizkion Etxarri 2012 ekimeneko kideak. Aurreratu zuenez, "eindako lana eskertzeko plaka bat jarko diau". Udalak eta hainbat etxarriarrek haritza errotondan jartzeko egindako lana ere eskertu zuen ekimenaren izenean. HistoriaGaztelak Araba eta Gipuzkoa konkistatu ondoren, "gaizkileen muga" bihurtu zen Sakana. Nafarroako erregeek, herritarrak muga ondoko lurraldean gera zitezen, foru eta laguntzak eskaini zizkien. XIII. mendearen hasieran Antso VII.ak Arañaz lurraldeari forua eman zion eta 1251an Teobaldo I.ak eliza eta dorrea Arañazko biztanleei utzi zien urteko 600 sueldoren truke.Agurain eta Lazkaoko jauntxoen lapurreta eta harrapaketaren kontrako babesleku eta defentsa moduan eraiki zen Etxarri. 1312ko irailaren 17an Luis I. Hutin erregearen Nafarroako gobernadore Enguerrand de Villiers-ek herri-karta eman zion Etxarri Aranatzi. Arakazko herritar gehienak herri berrira aldatu ziren: Adia (Lizarraga), Aldaba, Araña, Arrozpide, Artola, Egiarreta, Elbegia, Elkorri, Erdozia, Lazkoz, Urkizu, Nenau, Mundiñano, Ondaz, Maiza, Mugarretxe, Illarrazugoikoa, Orgaoizua, Sarria (Lizarragabengoa).1351an, Karlos I.ak pribilegio berriekin osatu zuen karta hori eta lazkaotarrengandik babesteko harresia eraikitzeari ekin zion. Baina 1378an, Gaztelakoek herria hartu zuten harresia eta guzti.