Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ergoienako Udalak, zenbait laguntzaile eta babeslerekin batera antolatuta, bihar jokatuko da VIII. Ergoienako Bira. Aurten Unanu izanen da abiapuntu eta helmuga. Bertan parte hartzeko aurretik eman daiteke izena www.ergoiena.com orrian edo egunean bertan, lasterketa baino ordu bat lehenago. Izen-ematea dohainik da. Kategoria txikiendako probek emanen diote hasiera lasterketari, 17:00etan. Benjaminak, alebinak, haurrak eta kadete eta jubenilak ariko dira lanean. Ondoren, helduen txanda etorriko da. Ergoienako hiru herriak lotuko dituen 8,5 kilometroko lasterketa gorabeheratsua izanen dute: Unanutik Dorraora joan etorria egin, eta jarraian Lizarragako bidea hartuko dute, handik Dorraora joan eta Unanun bukatzeko. Lasterketaren zailtasun handiena korrikalarien erritmoa hausten duen etengabeko aldapa eta gainbeheretan dago.Ergoienako Bira Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak sari nagusirako baliagarria da. Koparako baliagarriak diren beste bi lasterketa gelditzen dira: azaroaren 3ko Sakanako Herri Lasterketa eta abenduaren 8ko Altsasuko Zubeztia krossa. Kattola eta trofeoakErgoienako Biraren irabazleek sari berezia jasotzen dute, Unanuko ihoteetako kattola ezagunak. Bigarren eta hirugarren gizon eta emakumeek, berriz, trofeoa jasoko dute. Beterano onenarendako trofeoa ere banatuko da. Azkenik, erguendarrendako sari bereziak banatuko dira. Ergoienan erroldatutako parte-hartzaile guztiendako afaria izanen da Zugain jatetxean.