Bertso-antzerkia Etxarri Aranatzen sorreraren 700. urteurrena ospatzeko

Guaixe 2012ko urr. 5a, 16:42

Etxarri Aranatz: Beste zazpietan ehun baietz (1312-2012) antzezlana bihar taularatuko dute aktore etxarriarrek. Jose Luis Erdoziak idatzi du herri-antzerkia eta agorrileko azken astetik aktoreak Xabi Artiedaren esanetara entseatzen aritu dira. Erdoziak berak jakinarazi duenez, Etxarri Aranatz herriaren sorrera antzeztuko da gaur.

Zenbait datu historikorekin batera asmatutako beste hainbat pasarte nahastuko dira. "Hala ere,, azken horiek, asmatuak izanagatik, etxarriarrendako ea euskal herritarrendako oso arrotzak gertatuko ez zaizkigulakoan gaude". Egileak jakinarazi du bertso-antzerkia dela. Bertsoak dira nagusi, baina badira koplak, elkarrizketak eta zenbait jostagarri ere, "guk txikitan ibiltzen genituenak", zehaztu du Erdoziak. 50 bertso eta kopla. Den-dena etxarrieraz, jakina.

Agerraldiak
Antzezlana 11 agerralditan dago banatuta. Agerraldi bakoitzaren hasieran bardo bat azalduko da eszenan. Hark, koplak kantatuz, agerraldi bakoitzaren muina adieraziko du, "oso era trinkoan bada ere". Baina bardoaren eta antzezleen jardunarekin batera, bideo irudiak ere tartekatuko dira emanaldian. Eszenografiari dagokionez, elementu gutxi izanen direla aurreratu digute. Idazleak argitu digunez, "agerraldi horietan islatu nahi izan da zein egoeratan sortu zen gure herria, herri euskalduna 700 urte horietan guztietan, eta apustu eta konpromisoa ere ageri da bertan, izenburuak azpimarratzen duen moduan".

Aurreneko agerraldia agurrekoa da, azalpenak eman eta kokatzeko. Aranazko eremuaren edertasuna azalduko du bigarrenak. Aranaz ibarreko biztanleen harreman ona eta San Adriango erromeria agertuko dira hirugarrenena. Atzetik, lan, zerga, eultzia eta bestelakoen deskribapena eginen da. Bosgarrenean, berriz, lapurren sartzeak egoera nola okertuko duen azalduko du. Horren aurrean Mubatsen batzarra eginen dute aranaztarrek eta hala ikusiko da 6. agerraldian. Salatari batek batzarraren berri emanen dio apezari eta honek gertatutakoaren berri Iruñean ematea erabakiko du. Jakinaren gainean geldituko dira gortean.

10. agerraldian Etxarri Aranatzen sortzeko eta herriak husteko erabakia hartuko da. Azken emanaldian herritarrek konpromisoa hartuko dute: beste 700 urte baietz! Erdoziak azaldu bezala: "egoera larri bati aurre egiteko sortu zen gure herria eta 700 urteren buruan, atzera berriz, egungo erronkei aurre egiteko prest dagoela erakutsi nahi dugu". Emanaldia despeditzeko, Etxarri Aranazko abesbatzak herriko ereserkia mustuko du. Jarri suelto, ta aittu zazubie nola sortu zen Etxarri.

Etxarri 2012 
Etxarri Aranatzen sorreraren VII. mendeurrena eta Nafarroako konkistaren V. mendeurrena kontuan izanik lan egin du Etxarri 2012 ekimenak. Berea da gaurko herri-antzerkiaren ideia. Urtean zehar antolatu dituen jarduerak bi helbururekin prestatu ditu. Batetik, "memoria historikoa berreskuratzeko. Herri baten etorkizuna irudikatzeko beharrezkoa da iragana ezagutzea", azaldu zuen ekimeneko kide Mikel Mundiñanok. Eta, bestetik, "izan ginena, garena eta etorkizunean izan nahi duguna aldarrikatu nahi dugu. Bere hizkuntza eta nortasuna dituen herria gara eta herri izaten jarraitu nahi dugu etorkizunean ere", esan zuen Mundiñanok aurkezpenean.

Etxarri 2012 ekimeneko kideak, bide batez, urtean zehar egineko ekimenetan eta bereziki antzerkiaren inguruan eman den auzolana txalotu eta eskertu zuen.  SarrerakGaur, 20:00etatik 21:00etara, frontoian zutikako 60 sarrera jarriko dira salgai. Guztiak ere 10 eurotan.

36 aktore
Izaskun Errazkin (bardoa), Jose Luis Maiza (apeza), Juanito Erdozia (almirantea/konpromisoa), Fausti Razkin eta Iker Mariñelarena (pregoilariak), Josetxo Artieda (hasierako aranaztarra), Migel Anjel Erdozia (segalaria), Mª Kruz eta Marian Mundiñano (laiariak), Aritz Goñi (aizkolaria), Martin Mundiñano (Buruzagia), Mikel Nazabal (lazkoztarra), Jose Migel Maiz eta Iñaki Goikoetxea (ondaztarrak), Jon Arratibel (erdoziarra/batzarkidea/mehatxaria), Aitor Mariñelarena (maizatarra), Olibi Galparsoro (urkizuarra/batzarkidea), Julen Arratibel (Ttapo), Jone Berastegi (Amaia), Aritz Igoa (Iñigo), Garbiñe Karasatorre eta Felix Altzelai (nekazariak), Iña Arratibel (Lazkaoko jauntxoa), Jonathan Rodriguez (lapur lazkaotarra), Fran Urias, Yoli Ormazabal, Artzai Iraurgi eta Nerea Saizar (arañarrak), Iraitz Goñi, Jasone Mendiola, Eneko Lazkoz eta Jose Migel Maiz (batzarkideak), Xabier Ulaiar (gorteko soldadua), Joseba Andoni Beltza (batzarkidea/salataria), Susanna Sureda eta Julen Arratibel (arañarra/batzarkidea), Berta Lerma (konpromisoa), Xabi Gartziandia (Villiers-eko Enguerrand) eta Joxe Gartziandia (apezpikua).

Datuak
Apaingarritan 6
Ikus-entzunezkoetan 6
Zanpantzarra
22 jostun
Iraupena: 70 minutu

Oharrak
- Gaur 21:30ean irekiko dira frontoiko ateak.
- Behin sartuta, urgentziazko ezer ez bada, ezin izanen da atera. 22:05ean ateak itxiko dira.
- Ikusle bakoitzari leku zehatza emanen zaio eta ezin izanen du lekurik erreserbatu.
- Txapa sarrera dela gogoratu. - Sakeleko telefonoak itzali eta errespetuz jokatu.
- Ezin dira argazkiak egin. Emanaldia bideoan grabatuko da eta argazki kameren flashek bideo produkzioan arazoak eragin ditzake. Antolakuntzak argazkilari bat jarriko du eta http://etxarri2012.wordpress.com/ orrian eskuratzeko aukera izanen da.
- Frontoian ezin da erre.

Historia
Gaztelak Araba eta Gipuzkoa konkistatu ondoren, "gaizkileen muga" bihurtu zen Sakana. Nafarroako erregeek, herritarrak muga ondoko lurraldean gera zitezen, foru eta laguntzak eskaini zizkien. XIII. mendearen hasieran Antso VII.ak Arañaz lurraldeari forua eman zion eta 1251n Teobaldo I.ak eliza eta dorrea Arañazko biztanleei utzi zien urteko 600 sueldoren truke.Agurain eta Lazkaoko jauntxoen lapurreta eta harrapaketaren kontrako babesleku eta defentsa moduan eraiki zen Etxarri.

1312ko irailaren 17an Luis I. Hutin erregearen Nafarroako gobernadore Enguerrand de Villiers-ek herri-karta eman zion Etxarri Aranatzi. Aranazko herritar gehienak herri berrira aldatu ziren: Adia (Lizarraga), Aldaba, Araña, Arrozpide, Artola, Egiarreta, Elbegia, Elkorri, Erdozia, Lazkoz, Urkizu, Nenau, Mundiñano, Ondaz, Maiza, Mugarretxe, Illarrazugoikoa, Orgaoizua, Sarria (Lizarragabengoa).1351n, Karlos I.ak pribilegio berriekin osatu zuen karta hori eta lazkaotarrengandik babesteko harresia eraikitzeari ekin zion. Baina 1378an, Gaztelakoek herria hartu zuten harresia eta guzti.