Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ilustratzaile etxarriarrak bere pertsonaia, Popiñe, hainbat egoeratan aurkezten du erakusketan; hitzik gabe, hainbat sentsazio, emozio, egoera... adieraziz. Popiñe (panpina Sakana erdialdean) neska bat da, trazu garbiko ilustrazio bat, Aldasorok eskuz margotuta. Ondoren digitalizatu egiten du eta ordenagailuan koloreztatu du. Aldasorok azaldu digunez, Popiñe duela bi urte jaio zen. "Arte-terapiako kurtso bat egiten ari nintzela, etxeko lan bezala ipuin bat egitea bidali ziguten". Popiñek sentitzen zituen gauza desberdinak adierazteko egileak ia testurik gabeko ipuin bat sortu zuen. Zergatik apenas testurik? "Idazterakoan adierazi nahi dudana behar bezala esan ez dudan sentsazioarekin gelditzen naiz. Baina marrazkiekin ez dut hori sumatzen. Marrazketak "plus" hori duela uste dut: marrazki bat, bakoitzak nahi duen bezala interpretatu dezakeela". Ikusle sortzaileaPopiñeren erakusketa ikutu eta moldatu daitekeen erakusketa da, "interaktiboa". Euskal txokoan soka batetik pintzekin zintzilik daude marrazkiak. Aldasorok ikusleari proposamena luzatu dio: nahi duen marrazki-ordena jar dezake. Gainera, paretako marrazkiak gutxi balira, barran Popiñ gehiago dituen kutxa dago eta, horrela, nork bere konposizioa egin dezake. "Tabernan koaderno bat ere badago, nahi duenak bere konposizioaren ipuina idazteko. Edo besteen ipuinak irakurtzeko". Erakusketa parte-hartzailea igandera arte ikusgai izanen da Pikuxarren, baina azaroan, atzera ere, hura ikusteko eta parte hartzeko aukera izanen da. KamixetakPopiñek kamixeta linea bat du. Aldasorok Iruñean erakusketa bat egin behar du. Marrazkiak saldu beharrean kamixetak salduko ditu. Jendeak harrera ona egin die kamixetei eta egilea pozik dago erantzunarekin, ezustean hartu baitu. Pikuxarren ere salgai izanen dira.