Ijurkorendako 2 urteko espetxe zigor eskaera

Guaixe 2012ko urriaren 22a

Gaur epaitu dute Hodei Ijurko Iroz Madrilgo Probintzia Auzitegian. 2010eko maiatzaren 3an Iruñeko espetxetik Soto del Realgora eraman zuten etxarriarra. Bi funtzionariok ziega miatzerakoan bis a bis bisitetarako paperak eta telefonoen fakturak kendu nahi izan zizkiotenean protesta egin zuen Ijurkok eta funtzionarioak oldartu, lurrera bota eta jipoitu egin zuten. Halaxe kontatu du epaiketan. Gertaera horren ondorioz Ijurko 2 urtez bakartuta bizi izan zen espetxeetan. Epaiketan bi funtzionarioek esan dute Ijurko haiei paperak kentzen saiatu zela eta bati besoan jo ziola eta besteak lurrera bota eta han menderatu zuela. Funtzionario batek esan du eskuak lotzeko erresistentzia egin zuela Ijurkok eta besteak ezetz. Ez zuten minik hartu eta ez dute kalte ordainik eskatu. Funtzionarioek ez dute Ijurkoren kontrako salaketa jarri, espetxeak baizik. Salaketa Ijurkok bi funtzionarioak salatu ondoren jarri zuen. Fiskaltzak 2 urteko espetxe zigorra eskatu du etxarriarrarendako eta defentsak absoluzioa. Epaiketara 25 bat pertsona joan dira, baina auzitegiko gelan 5 besterik ezin izan dira egon.