Nazabal finalera marka hautsita

Guaixe 2012ko urriaren 29a

Euskal Herriko Maila Nagusiko kanporaketa1.Floren Nazabal: 15:132.Aitzol Atutxa: 17:343.Joseba Otaegi: 17:484.Iñaki Azurmendi: 18:095.Unai Otaño: 18:186.Joxemari Olasagasti: 18:387.Jon Rekondo (Leitza, Nafarroa): 19:108.Jexuxmari Mujika (Ibarra, Gipuzkoa): 19:129.Antonio Senosiain (Olague, Nafarroa): 20:2110.Luis Txapartegi (Aizarna, Zestoa, Gipuzkoa): 20:4811.Aitor Senosiain (Olague, Nafarroa): 21:1712.Juan Jose Lopez (Lezaun, Nafarroa): 22:12Igandean Elizondon jokatutako Euskal Herriko Maila Nagusiko Aizkora Txapelketa oso estu egongo zela aurreikusten zuen katedrak, baina Floren Nazabal etxarriarrak sekulako erakustaldia eman zuen, Aitzol Atutxa bigarrenari 2 minutu eta 21 segundo aterata. Hirugarrena Joseba Otaegi sailkatu zen, 2 minutu eta 35 segundora. Nazabalek errekorrak apurtu zituen, Euskal Herriko kanporaketan inoiz egin den denborarik onena egin baitzuen etxarriarrak, Angel Arrospidek 1986. urtean eginiko marka (15:16) hiru segundoan onduz: 15:13. Bere iazko denbora 3 minutu eta 43 segundoan hobetu zuen etxarriarrak. Bestetik, eta estatistika aintzat hartuz, 10. urtez lortu du etxarriarrak kanporaketako denborarik onena egitea segidan. Datu potolo asko, zalantzarik gabe. Sei pago-enbor ebaki behar zituzten kanporaketan aritu ziren 12 aizkolariek: 2 kanaerdiko, 2 60 ontzako eta 2 oinbiko, finalean izango duten lanaren erdia. Sasoi betean dago etxarriarra eta hala erakutsi zuen, hasieratik hartu baitzuen aurrea. Jaun eta jabe izan zen, gainontzekoei distantzia hartuta, txanda osoan denborarik onenak eginez egurrez egur. Erritmo bizian aritu zen, Arrospideren marka gainditu ahal zuela ohartuta, are eta biziago, helburua lortuaz. Atzean, aldiz, gauzak estuago zeuden. Bizkaiko txapeldun Aitzol Atutxak eta Gipuzkoako txapeldun Joseba Otaegik peleia estua izan zuten bigarren postua lortzeko, baina azkenean Atutxa nagusitu zitzaion Otaegiri, 12 segundo eskasetan. Laugarren postua iazko txapeldun Iñaki Azurmendik lortu zuen, bosgarrena Unai Otañok eta seigarrena, meritu handiz, 53 urteko Joxemari Olasagasti beteranoak. Aipatu sei aizkolari hauek jokatuko dute azaroaren 18an Arbizun jokatuko den Euskal Herriko Txapelketako finala. Aipatzekoa da Nafarroako Herri Kirol Federazioak plazaratutako pago-enborrak bikainak zirela, eta litekeena da eragina eduki izana aizkolariek eginiko denbora onean.Azken bi sailkatuek, Aitor Senosiainek eta Juanjo Lopezek, maila galduko dute: hurrengo denboraldian 2. mailan ariko dira. Sorpresa eman zuen Juanjo Lopezek, bere  beherakada aipagarria baita. Azken urteetan finalista izatetik maila galtzera. Aurten oso denboraldi eskasa burutu du eta osasun arazoak jota ibili da. Pena handia maila galdu izana. Nazabal lasai azaldu zen bukaeran. "Aizkoran gozatu dut eta oso gustura aritu naiz" aipatu zuen. Finalerako faborito argia dela galdeginda, umil agertu zen. "Hiru astetan gauza asko gerta daitezke eta inoiz ezin da jakin, baina ongi sentitzen naiz, sentsazio onekin" nabarmendu zuen. Materiala goraipatu zuen. "Oso noblea, urte askotan moztu dudan hoberenetakoa".