Handia zara Floren

Guaixe 2012ko azaroaren 19a

Euskal Herriko Maila Nagusiko Txapelketa1.Floren Nazabal: 39:132.Joxe Mari Olasagasti: 40:473.Iñaki Azurmendi: 42:104.Aitzol Atutxa: 44:245.Unai Otaño: 46:566.Joseba Otaegi: 49:10Arbizuko kiroldegia mukuru bete egin zen Euskal Herriko Maila Nagusiko finala gertutik ikusteko. Harmailak beteta, eskaileratan eta kantxan hartu behar izan zuten tokia final ikusgarria gertutik ikusteko. Aizkora zaleak sekulako animuak eman zizkieten aizkolariei eta giroa paregabea izan zen Arbizun. Pronostikoek ez zuten huts egin eta Floren Nazabal etxarriarrak merezimendu osoz jantzi zuen txapela, hasieratik aurrea hartu eta gero. Hala ere, sorpresendako tartea egon zen, Joxe Mari Olasagasti beteranoa bigarrena izan baitzen, sekulako lana eginda. Sei aizkolarik jokatu zuten finala: Floren Nazabalek, Aitzol Atutxak, Joseba Otaegik, Iñaki Azurmendik, Unai Otañok eta Joxe Mari Olasagastik. Aizkora munduan dabiltzan sakandarrek Urbasatik jaitsitako 12 pago-enbor erdibitu behar izan zituzten: 4 kanaerdiko, 4 60 ontzako eta 4 oinbiko. Floren Nazabalek bere 21. finala zuen jokoan eta etxean jokatzeak, zaleen animuak lagun, mesede egin zion. Kanporaketan gertatu zen moduan lehen enborretik hartu zuen aurrea eta gutxinaka aldea ateratzen hasi zen. Lan erdietan Nazabalek ia 3 minutuko aldea ateratzen zion iazko txapeldun Iñaki Azurmendiri. Haren atzetik Atutxa, Olasagasti eta Otaño zeuden, eta azken postuan Joseba Otaegi. Ez zen gipuzkoarraren egun onena izan eta atzean ibili zen uneoro. Azken txanpan iritsi zen emozio handiena: Nazabal aurrean zegoela, Olasagastiren erakustaldia heldu zen. 53 urteko igeldoarrak behetik gora egin zuen modu ikusgarrian, Iñaki Azurmendi pasaz. Une batez Nazabal arriskutan sartu behar ote zuen iruditu zitzaion norbaiti, baina nahiz eta bukaeran lasaiago aritu Nazabal izan zen garailea meritu handiz (39:13). Dena den, igeldoarrak sekulako emozioa eman zion finalari eta meritu handiz bigarrena sailkatu zen, 1:34ra (40:47). Atzean sailkatu ziren Azurmendi, Atutxa, Otaño eta Otaegi. Olasagasti indartsu dago eta egun gutxi batzuk botatako desafioa berretsi zuen: prest dagoela edozeini apustua jokatzeko inolako bentajarik gabe, erdi aukeran nahiago. Azken bi urtetan txapeldunorde izan eta gero, Florenek arantza kendu eta Euskal Herriko 6. txapela jantzi zuen, Arrospide eta Olasagastik dituzten 6 txapelak berdinduz. Urrun daude Miel Mindegiak dituen 10 txapelak, baina etxarriarraren hurrengo erronka izan daiteke hori. Horretaz gain, aizkolari onena dela demostratu zuen, gainontzekoetatik koska bat gorago dagoela. Nazabalek egurrekin arazoakPozik zegoen etxarriarra, nahiz eta egurrekin arazoak izan. "Urbasako egurra nahiko gogorra izaten da orokorrean eta adar asko izaten ditu. Egurrak kanpotik onak ziren, baina barruan nahiko zikinak atera zaizkit. Adar asko moztu ditut, hiru aizkora ere puskatu ditut eta gogortuta ibili nahiz. Alde horretatik ez naiz oso gustura aritu. Baina berriro ere tamaina hartu diot, eta gustura amaitu dut. Irabazi dut eta hori zen inportanteena" adierazi zuen bukaeran. Txapela eskaintzeko orduan etxekoak izan zituen gogoan, emaztea eta alaba bereziki, "beraiek direlako gehien sufritzen dutenak". 6 txapelekin aizkolari handienen artean dagoela aipatzerakoan irribarre egin zuen Nazabalek. "Kontua txapelak gehitzen joatea da. Uste dut ezingo ditudala askoz gehiago ere jantzi, baina behintzat egindakoak hor geratzen dira" nabarmendu zuen. Giroarekin eskertutaSakandarrek harrera paregabea eman zioten finalari eta aspaldiko partez frontoia gainezka zegoen. 800 sarrera saldu ziren. "Frontoia ikusgarri dago eta oso gustura ibili naiz. Atutxa animatzera Bizkaitik 160 pertsona inguru etorri dira. Bazkaltzen batera gaude eta 200 inguru izango gara. Gustua ematen du frontoia horrela ikustea, tristea izaten baita hutsik dagoenean. Gainera, txapelketak gastu handia du eta uste dut sarrera honekin kubrituko zirela gastuak" zihoen Nazabalek. Urte borobilaDenboraldi bikaina borobildu du etxarriarrak. Denborarik onena egin zuen eta errekor berria ezarri aurtengo Euskal Herriko Maila Nagusiko kanporaketan, maila nagusiko 6. Txapela jantzi du, Nafarroako Aizkora Txapelketa irabazi zuen Etxarri Aranatzen, Donostiako Urrezko Kopa eraman du, Urrezko Kopako banakakoa irabazi du eta Urrezko Kopako txapeldunordea izan da. Zorionak.