Ansotegi eta Galarza Bankoa Crédit Agricole-Diario Vasco finalerdietan

Guaixe 2012ko azaroaren 28a

Irurtzun taldean dabilen Jon Ansotegi pilotari etxarriarrak pozik egoten jarraitzeko arrazoiak ditu. Aurreko astean Egiako Juanito Alvarez Memoriala irabazi eta gero, asteburu honetan Bankoa Crédit Agricole-Diario Vasco Torneoko senior mailako final laurdenak zituen jokoan. Perezekin osatzen zuen bikoa Ansotegik, baina lesionatuta dagoen Perezen tokia Galdakaoko Kerman Galarzak hartu zuen. Biek txapelketan aurrera egitea lortu zuten Andreu eta Rezusta 11-22 menpean hartu eta gero. Nahiz eta emaitzak ez islatu, partida oso gogorra izan zen. Hasiera batean Andreu eta Rezusta ziren faboritoak, baina Ansotegi eta Galarzak elkarrekin sekulako joko ona egiten dutela demostratu zuten. Etxarriarra partidako onena izan zen. Aurreko koadroetan Andreu baino gehiago izan zen. Atzean Rezustak ongi astindu zuen pilota, indar handiz, baina Kerman Galarzak ongi egin zion aurre, pilotarik apenas galdu gabe. Ansotegik 11 tanto lortu zituen jokoan. Horrela, Ansotegi eta Galarza finalerdietara sailkatu dira.