Toponimia zaintzen

Guaixe 2012ko abe. 13a, 19:40

Etxarri Aranazko Udaleko Euskara eta Kultura batzordeek antolatuta, herriko leku-izenak sustatzeko tailerra eta ibilaldia antolatu dira. Haietan 50 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute. Bi ekimenak ere herritarren parte-hartzean oinarrituta daudela azaldu du Eneka Maiz zinegotziak. Maizek azpimarratu duenez, "Etxarriko hainbat leku-izen markatzeak balioko du generazio berriek bizi-bizi jaso dezaten leku-izenen ondare materiala. Jakina den moduan, eta leku-izenek edo toponimoek garrantzi handia dute, ondare ez-material oso preziatuak baitira". Horregatik, izen horiek zaintzeko eta hurrengo belaunaldiendako gordetzeko sustatu du ekimena udalak, "leku-izenak herri baten kultura, ohitura eta gertakari historikoen adierazgarri bizia direlako, baina gaurko egunean euskarazko hainbat leku-izen galtzen ari dira. Izendapen arrotzak edo esanahirik gabekoak nagusitzen dira, jatorrizkoak edo adierazkorrak zokoratuz".

Markatzera
Ilbeltzean harria lantzeko tailerra hasiko da, Juan Mari Garziandiak emanen du eta izen ematea doakoa da. Tailer horretan Etxarriko 20ren bat leku-izen harlauza edo harri zabal batzuetan landuko dira, gero tokian bertan paratzeko. Aurrerago izen gehiago jartzeko aukera ere aztertuko da. Herriko leku-izen bat markatzeko proposamenik baldin baduzu, udaletxera hots egin, edo idatzi kultura@etxarriaranatz.com helbidera, etxarriarren artean erabakiko baita zein leku-izen markatu behar diren herriko zokoetan.