Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Nafarroako Kirol Jolasetako Emakumeen Pala Txapelketako finalak jokatu ziren Labriten, eta Etxarri Aranazko Gure Pilotako neskek maila polita erakutsi zuten.Txapelketa hau urriaren amaieran hasi zen, eta bertan 26 bikotek parte hartu dute guztira. Umeetan 3 bikote aritu dira lehian, kimuetan 5, haurretan 5, kadeteetan 8 eta gazteetan 5. Final politakUmeen finalean Saioa Erdozia eta Naroa Otxoa etxarriarrek 18-9 irabazi zuten Aurizperriko Auñamendi elkarteko pilotarien kontra. Jarraian, kimuetan, nahiz eta Elai Gomez eta Irati Igoa etxarriarrek maila polita erakutsi, 11-18 galdu zuten Auñamendi elkarteko nesken kontra. Haurretan, Uxue Mendinueta etxarriarrak Iruñeako Haizea Salanuevarekin jokatuta garaipena lortu zuen Aurizperrikoen aurka (25-14). Kadeteetan berriz, amaierara arte borrokatu behar izan zuten Gure Pilota Elkarteko neskek. Oso partida lehiakorra izan zen, eta nahiz eta 23-21 galtzen joan, Garazi Jakak eta Irati Lasak ez zuten amore eman, eta azkenean Iruñeko Oberena elkartearen kontra 25-24 irabaztea lortu zuten. Bukatzeko, gazteetan Gure Pilotako Ainara Zarantonek eta Ekhiñe Petriatik 30-15 irabazi zuten Oberenako pilotarien aurka.