Hondakin bilketaren inguruko proposamena adostu dute Bilduk eta NaBaik

Guaixe 2012ko abenduaren 27a

Etxarrirako sistema mistoa proposatu dute. Martxan jarri ondoren, legegintzaldi honetan herri galdeketa eginen daHondakinen bilketa eredu berriak "kontsentsu eta adostasun politiko eta soziala eta udal ordezkariak herritarrekin batera aritzea" eskatzen duela iritzita, Etxarri Aranazko Udaleko bi alderdi nagusiek (Bildu eta NaBai) proposamen bateratu bat adostu dute. Hala, jarraipen batzordea eratzea erabaki dute bi koalizioek, "hondakinei buruzko adostasunetara iristeko, eta prozesu guztiaren jarraipena egiteko". Batzorde horri ere egitekoa jarri diote: hurrengo hilabeteotan dauden aukeren inguruko informazioa jasotzea eta zabaltzea, "gaur egun ditugun parte-hartze tresnak erabiliz, edo berriak proposatuz". Helburu nagusia izanen da herritarren galderei eta kezkei erantzutea. Sistema mistoaEtxarrin hondakinak biltzeko sistema mistoa proposatuko dute bi koalizioek. Gai organikoak autokonpostajearen, auzo-konpostajearen edo etxez-etxeko bilketaren bidez jasotzeko aukera izanen dute etxarriarrek. Udalak, bereziki, auzo-konpostajea sustatuko du. Horregatik, sistema hori erabiltzen duten beste herrietako esperientzien berri emanen dizkiete etxarriarrei. Gainontzeko hondakinei dagokienez, beira iglu itxurako edukiontzietan jasotzen segituko da. Kartoia eta papera, ontzi arinak eta errefusa etxez etxe jasoko dira, etxarriarrek erabakitzen duten sistemaren bidez (ontziak, poltsak, zintzilikarioak, ordutegiak...).Sistema mistoa probatu ondoren, bi koalizioek adostu dute udalak haren inguruan herri galdeketa egitea. Legegintzaldi honetan eginen da. Zabor bilketa horren inguruan etxarriarrek duten iritzia jasoko da horrela. Prozedura hori zein izanen den jarraipen batzordean erabakiko da, herritarren beharrak eta nahiak ikusita.Zabor bilketari buruzko informazio batzarrakIlbeltzaren 9an, asteazkenean, 18:30ean (euskaraz) eta ilbeltzaren 10ean, ostegunean 21:00etan, (nagusiki gaztelaniaz), Etxarri Aranazko kultur etxean.