Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abenduaren 30ean Emakumeen I. Napar Pala Txapelketako finalak jokatu ziren Iruñeko Labrit pilotalekura. Aipatu txapelketan Euskal Herriko emakume palista onenek jokatu zuten, Saioa eta Yanira Aristorena ahizpak tartean, eta hain zuzen bi ahizpek final handietara sailkatzea lortu zuten, txapelketa bikainaren ondoren. Lehen mailako finalean Ainhoa Garmendiak eta Saioa Aristorenak 30-21 irabazi zieten Miren Goikoetxea eta Maider Semperri. Lehen zatian parez-pare aritu ziren bi bikoak, baina 17. tantotik aurrera Saioa eta Ainhoa dominatzen hasi ziren. Saioa oso konstantea izan zen, sekulako pilotakadak atzera bidaliz eta defentsa sendoa erakutsiz. Txapela jantzi zuen etxarriarrak, Ainhoa Garmendiarekin. Aldiz, eliteen mailako finalean Yanira Aristorenak eta Maite Ruiz de Larramendik ezin izan zuten garaipena eskuratu. Amaia Irazustabarrenaren eta Nagore Arozenaren kontra jokatutako partida oso gogorra eta lehiatua izan zen. Hasieran Yanirak eta Maitek dominatu zuten, joko bikaina eginez 15-6 aurreratuz. Baina Nagorek eta Amaiak ez zuten amore eman eta jokoan sartzea lortu zuten, 28ra berdinduz. Hortik aurrera zorteak eragina izan zuen eta Ruiz de Larramendik koltxoira bidalitako bi pilotakadei esker Irazustabarrenarendako eta Arozenarendako izan ziren txapelak.