Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur eguerdian Etxarri 2012+1 herri ekimeneko kideek Etxarri Aranazko udaletxean autodeterminazio eskubidearen inguruan etxarriarrei galdera egiteko eskaera erregistratuko dute. Ekimeneko kideek udalari etxarriarrek eta, oro har, euskal herritarrok "gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea bermatzea" eskatu diote. Etorkizuna erabakitzeko herriari hitza eta erabakitzeko ahalmena ematea nahi dute ekimeneko kideek. Baita udalak eskubide hori bermatzea ere. Horregatik, Etxarri Aranazko Udalak "eskubide hori onartu eta bermatzeko beharrezkoak diren neurriak ematea" eskatu dute Etxarri 2012+1 herri ekimenekoek. Udalak herri galdeketa bat antolatu eta etxarriarrek galdera honi erantzutea nahi dute ekimeneko kideek: Ados al zaude Etxarri Aranatz, Euskal Herriko udalerria izanda, Europako estatu independente berri baten parte izatearekin?ZergatiaEkimeneko kideen iritziz herria anitza da, "denok dugu leku bat bertan eta denon artean osatzen dugu Etxarri Aranatz". Euskal Herria edota Nafarroarako proiektu, egitura nahiz etorkizun ezberdinak daude herrian. "Baina demokrazian oinarritutako printzipio baten aldeko jarrerak biltzen gaitu, giza eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatuz, autodeterminazioaren edo erabakitzeko eskubidearen aldekoak, hain zuzen ere".Hiru ideietan oinarritutako aldarrikapena egin dute: euskararen herria nazio naturala da; Nafarroak eta Euskal Herriak bere osotasunean bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du eta, azkenik, nafarrek, euskal herritar orok autodeterminatzeko eskubidea duela.Sinadurak biltzeko festa Herri galdeketa egin ahal izateko 27/2002 Foru Legeak ezarritako prozedura segitu dute. Gaurtik hasita hiru hilabeteko epea dago erroldaren %10aren aldeko sinadurak (200) jaso eta udal bilkuran aurkezteko. Etxarri 2012 + 1 ekimenak festatxoa antolatu du larunbatean sinadurak biltzen hasteko. 11:30etatik aurrera Etxarriko faledunen kalejira, marrazkilariak, musika eta tripeki auzatea izanen dira. Bide batez udaleko bulegotik pasa eta erabakitzeko eskubidearen aldeko sinadura ematera gonbidatu nahi dituzte etxarriarrak.