Aristorena eta Ruiz txapeldunordeak

Guaixe 2013ko urtarrilaren 30a

Etxarri Aranazko pilotalekuak Euskal Herriko Kluben Arteko Emakumeen Paleta Gomako finalak hartu zituen. Senior mailan Su Berri taldeko Ainhoa Garmendia eta Maider Mendizabal izan ziren txapeldunak, Oberena taldeko Yanira Aristorena etxarriarra eta Maite Ruiz de Larramendi 30-24 menpean hartu eta gero. Oso partida gogorra izan zen, etengabeko berdinketekin. 21-18 gerturatu ziren Aristorena eta Ruiz, baina hortik aurrera gipuzkoarrak gailendu ziren, txapela jantziz. Jubenil mailan Intxaurre taldeko Mari Murua eta Maialen Senperenak 30-11 irabazi zieten Igone Gutierrezi eta Garazi Eizmendiri (Su Berri).